'Ztanda' musika talentu lehiaketa estreinatuko du ETB1-ek udazkenean

'Ztanda' musika talentu lehiaketa estreinatuko du ETB1-ek udazkenean Castinga egiteko izen-ematea zabalik da eta parte-hartzaile bat aukeratzeko lehiaketa ere jarri dute martxan sare sozialetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ztanda-musika-talentu-lehiaketa-estreinatuko-du-etb1ek-udazkenean/@@download/image/ztanda.png
2023/09/06
Castinga egiteko izen-ematea zabalik da eta parte-hartzaile bat aukeratzeko lehiaketa ere jarri dute martxan sare sozialetan.
'Ztanda' musika talentu lehiaketa estreinatuko du ETB1-ek udazkenean

EITB-k jakinarazi duenez, "Euskal Herriko abeslari onena" aukeratzeko lehiaketa izango da Ztanda, eta urrian hasiko dira grabatzen.  "Abeslari izan eta milaka pertsonaren aurrean kantatzeko desioa" duten hamahiru lehiakide hautatuko dituzte saioan parte hartzeko. Garai guztietako euskal kantak zein nazioartekoak interpretatuko dituzte parte-hartzaileek, batzuk jatorrizko bertsioan eta beste batzuk eguneratuta. Barbara Goenaga izango da lehiaketaren aurkezlea.

Astero gai edo euskal musikagintzaren aro bat izango dute ardatz. Saio bakoitzean bi kanta abestuko dituzte, eta astez asteko kanporaketa gaindituz gero, finalera iritsiko dira. Hiru epailek baloratuko dute euren lana eta irabazleak 15.000 euroko saria lortuko du.

Hamabi lehiakide casting bidez aukeratuko dira, eta, horretarako, izena eman behar da formularioa beteta. Hamahirugarrena, berriz, sare sozialetan abian jarri den on line lehiaketaren bidez hautatuko da. Norberaren TikTok edota Instagram kontuetan bideo bat igo behar da a capella kantatuz, #ZtandaETB traola erabilita. Sare sozialetara bideoa igotzen duten lagunen artetik batek zuzeneko sailkapena lortuko du talent-showean parte hartzeko.