Zortzi zentimo 25 dolarreko kamisetak jostearen truke

Santo Tomas hirian (El Salvador) egoitza nagusia duen Mujeres Transformando erakundeak salaketa larria egin du: Adidas, Reebok eta Puma markentzat kirol materiala ekoizten duen Ocean Sky enpresan lanean dabiltzan emakumeek zortzi zentimo kobratzen dituzte merkatuan 25 dolarreko prezioa duten kamisetak jostearen truke. Bertan diharduten 1.500 emakumeek tratu txarra eta gehiegikeriak jasaten dituztela gaineratu dute, giltzapetuta egiten dutela lan, arantzadun alanbrez inguratuta eta eskopetak daramatzaten guardiak zelatan dituztela. Presio kanpaina egiten ari dira; beste David vs. Goliath kasu bat.