Zortzi talde hautatu dituzte Izarrak Plazara talentu lehiaketako finalerako

Zortzi talde hautatu dituzte Izarrak Plazara talentu lehiaketako finalerako https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zortzi-talde-hautatu-dituzte-izarrak-plazara-talentu-lehiaketako-finalerako/@@download/image/201262782092012679855Izarrak_Pazara_1.jpg
2012/12/13
berria
Ekainaren 29an —ostirala—, Izarrak Plazara gazteentzako talentu lehiaketa egingo dute Donostiako Intxaurrondo auzoko Kultur Etxean. Horren aurretik, baina, hautapen frogak igaro behar izan dituzte parte hartzaileek, eta 21 talderen artean epaimahaiak zortzi aukeratu ditu finalean beren ikuskizunak aurkezteko.

Intxaurrondo auzoko Plazara Goaz Euskara Batzordeak hemezortzi urtez azpiko gazteentzako talentu lehiaketa antolatu du aurten lehen aldiz. Horren berri eman genizuen hilabete hasieran. Geroztik, 21 taldek eman dute izena, beren doiak bakarka, binaka, ala gehienez ere sei pertsonaz osaturiko multzoetan aurkezteko asmoz.

Bada, guzti horien artean egin dute lehen aukeraketa; epaimahaiak zortzi hautatu ditu ostiral honetan egingo den finalean parte hartzeko. Dantza, kanta, antzerkia, magia… alor ezberdinetako ikuskizunak prestatu dituzte gaztetxoek, eta nor baino nor arituko dira taula gainean sariak lortzeko asmoz.

Epaimahaiak Sari Nagusia emango du, 500 euro eta GAZTEZULO aldizkarirako urte osoko harpidetza, alegia; Ikusleek, bestetik, beren saria banatuko dute: 300 euro. Bi kasuetan, teknologia berrietan eta kultur bonoen bidez jasoko dituzte irabazleek.

Ikuskizuna Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da, eta parte hartzaileen ikuskizunez gain, 2011ko Durangaldeko Izarren Distira talentu lehiaketako irabazleen antzerki emanaldiaz eta Lain taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.

Hautatutako taldeak


Noizbait – Nerea eta Ane bikotearen eskutik
Olatuz Olatu – Izar Leku taldea
Xalbadorren Heriotza – Axular taldea
Pailazokeriak – Zurriclown taldearen eskutik
Leire Arraiago
Gure Tekno – Adore Jazz taldea
Gau Urdinak – Irati Rivas bakarlariaren eskutik
Sarri Sarri - Zuzai taldea