Zortzi minutu, 46 segundo; arrazismoaren aurkako protesta sinboloa

Zortzi minutu, 46 segundo; arrazismoaren aurkako protesta sinboloa Zenbaki horiek George Floyd hil arte lurrean izan zuten denborari egiten diote erreferentzia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zortzi-minutu-46-segundo-arrazismoaren-aurkako-protesta-sinboloa/@@download/image/d40obatk3l251.jpg
2020/06/03
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zenbaki horiek George Floyd hil arte lurrean izan zuten denborari egiten diote erreferentzia.
Zortzi minutu, 46 segundo; arrazismoaren aurkako protesta sinboloa

"I can't breathe" (ezin dut arnasa hartu). Horrela, 8 minutu eta 46 segundo igaro zituen George Floyd-ek lurrean, polizia batek lepoa belaunarekin estutzen zion bitartean, itota hil arte. Honezkero munduari buelta eman diote irudi gogor horiek, eta AEBetan eztanda egin du arrazismoaren aurkako oihuak. Hala, 8.46 zifra protesta sinbolo bilakatu da, "Black lives matter" (beltzen biziek axola dute) eta "Enaugh is enaugh" (aski da) leloekin batera. 

Atzo, Instagramen milaka lagunek argazki beltz bat partekatu zuten, #blackouttuesday traolarekin (itzalaldiaren asteartea); hain zuzen, ekainaren 2a BlackOut Tuesday eguna izendatu zuen musikaren industriak, Minneapoliseko hilketaren omenez eta arrazismo instituzionala salatzeko helburuz. Musika industriak eta disko ekoiztetxeek beste traola bat ere partekatu zuten; #TheShowMustBePause (ikuskizunak gelditu behar du). Kanpaina honetara ekoiztetxe esanguratsuenak batu dira, besteak beste, Atlantic Records, Capitol Music Group, Columbia Records, Def Jam, Elektra Music Group, HitCo, Interscope Geffen A&M, Island Records, Pulse Music Group, Reservoir, Republic Records, Sony / ATV, Sony Music, Virgin EMI, Warner Records, BMG, Universal Music Group, Kobalt , Hipgnosis Songs Fund, ASCAP, Milk & Honey, Grand Hustle Records, Downtown, SESAC , Boomplay, Concord eta Symphonic Distribution. Horrekin batera, telebistak ere bat egin dute protestarekin; atzo, ViacomCBS (MTV, Comedy Central, VH1, Paramount...) 8.46 minutuz beltzez agertu ziren, "I can't breathe" esaldiarekin. 

Bestalde, kirolariak, musikariak, NBAko arduradunak... mundu osoko eragileak agertu dira protesta honetan. Twitterrek ere, bere txoria beltzez margotu du.

Gaur, 8.46etan jendeari belaunikatzeko eskatu dute sare sozialen bitartez, dauden lekuan daudela, isilpean, protestarekin jarraitzeko. 

16 ALDIZ ERREGUKA

Floyd-en kasuaren ikerketa aurrera doa, eta New York Times egunkariak datu berriak argitaratu ditu; hala, inguruan zeudenek grabatutako bideoek erakusten dute Floyd-ek 16 aldiz erregutu ziela poliziei askatzeko, 5 minutuko denbora tartean. Floyd gutxienez 3 minutuz galdu zuen konortea ondoren; Chauvin poliziak belauna 9 minutuz mantendu zuen Floyd-en lepoan.