Zortzi euskal film luze aurkeztuko dituzte Zinemaldiko Zinemira sailean

Zortzi euskal film luze aurkeztuko dituzte Zinemaldiko Zinemira sailean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zortzi-euskal-film-luze-aurkeztuko-dituzte-zinemaldiko-zinemira-sailean/@@download/image/2012830815zinemira.jpg
2012/12/13
berria
Aurtengoa 60. edizioa du Donostiako Zinemaldiak. Zinemira sailean bilduko dituzten zortzi euskal ekoizpenez gain, aurtengoan beste hainbat euskal lan ere aurkeztuko dituzte gainontzeko sailetan; hala nola, Fermin Muguruzaren Zuloak edota Miguel Angel Jimenez zuzendariaren Chaika. Gainera, euskal ekoizpenetako sei film luzeren nazioarteko estreinaldia ere bilduko du.

Zinemira Euskal Herrian ekoitzitako zinemari eskainitako saila da, eta bi azpiataletan banatzen da: Estreinaldiak eta Panorama. Aurten sei film barneratu dituzte lehenean, eta beste bi bigarrenean. Zortzi horiez gain, gainontzeko sailetan ere hainbat euskal film aurkeztuko dituzte, eta guztiak ariko dira Serbitzu Saria eskuratzeko lehian.

Zinemaldiak eta Serbitzu Elkarteak emandako saria, hain zuzen, 20.000 eurokoa da, eta euskal kultura eta zinema-industria garatzen laguntzea du helburu.

Zinemira sailaren barruan, halaber, 2012ko Kimuak programako film laburren aukeraketa egingo dute. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, urteko film labur nabarmenenak zabaltzeko asmoa duena, eta bere baitan zazpi film labur aurkeztuko dituzte aurten.

Zinemira Saria
Bestetik esan, Michel Gaztambide gidoilariak jasoko duela aurtengo Zinemira Saria, euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea omentzen duena. Zinemaldiaren Zabaltegi Bereziak sailaren baitan aurkeztuko duten Baztan filmaren gidoia, hain zuzen, berak egin du.

Irailaren 29an, azkenik, Koldo Almandozen Deus et Machina eta Martin Roseteren Voice Over film laburrak aurkeztuko dituzte Belodromoan egingo duten gala berezian. Euskal ekoizpenari eskainitako ekitaldia izango da, eta Antxon Eceiza zendu berri den zuzendariaren Ikuska 20 film laburra ere proiektatuko dute. Zinemaldiaren 60. edizioa, hain zuzen, berari eskainiko diote.

Zinemira Estreinaldiak


Pura Vida
Zuzendariak: Pablo Ibarburu, Migueltxo Molina
Iñaki Ochoa de Olza mendizaleari gertatuko pasarte bati buruzkoa.

En un paisaje imaginado (Irudikatutako paisaia)
Zuzendaria: Josu Venero
Jose Antonio Sistiaga artistaren obren ibilbidearen errepasoa

Leku Hutsak, Hitz Beteak
Zuzendaria: Joxeanjel Arbelaitz Irastortza
Bernardo Atxagaren nobela eta poema sortari buruzko dokumentala

Mariposas en el hierro (Tximeletak burdinaren erdian)
Zuzendaria:
Bertha Gaztelumendi
Euskadin bakearen aldeko apustua egin duten emakumeen ahotsak biltzen ditu

Mur-Mur
Zuzendaria: Juan Miguel Gutierrez
Sei preso arruntek askatasuna lortzeko egiten duten barne nahiz kanpoko bideari buruzko lana

To Say Goodbye
Zuzendaria: Matt Richards
Gerra Zibilean girotutako istorio hunkiarri eta emozionala

Zinemira Panorama


Camera Obscura
Zuzendaria: Maru Solores
Aneri, pubertaroan sartzear dagoen neska itsusiari, buruzko istorioa

Papa, soy una zombie (Aita zombia naiz)
Zuzendaria: Ricardo Ramon, Joan Espinach
Zonbiak, sorginak eta gaueko izakiak biltzen dituen animazio filma