Zortzi emanaldi egingo dituzte Bilboko clown jaialdian

Zortzi emanaldi egingo dituzte Bilboko clown jaialdian Euskal Herriko, Kataluniako, Granadako, Madrilgo eta Italiako konpainiek parte hartuko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zortzi-emanaldi-egingo-dituzte-bilboko-clown-jaialdian/@@download/image/CÍA+NIUNPALOALARTE+Deustualdeko+klown+jaialdia+2024.jpg
2024/01/29
Euskal Herriko, Kataluniako, Granadako, Madrilgo eta Italiako konpainiek parte hartuko dute.
Zortzi emanaldi egingo dituzte Bilboko clown jaialdian

Otsailaren 2tik 28ra, azteazken eta ostiraletan, gauzatuko dute Deustualdeko Klown Jaialdiaren hirugarren edizioa. Deustuko eta San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegietan izango dira emanaldiak eta sarrera doakoa izango da. Zortzi ikuskizun izango dira, horietako hiru euskal konpainienak. Kataluniako, Granadako, Madrilgo eta Italiakoak ere izango dira jaialdian.

Ekimenaren helburua pailazoen artea adin guztietako pertsonei hurbiltzea da: "Parte hartzen duten konpainiek ahalegin eta lan eszeniko guztia egiten dute umorea egiteko modu horretan, eta hori ez da soilik haurren kontua, baizik eta barreak oso modu interesgarri, sakon eta konplexuan hurbiltzen dizkie gazteei eta adin handiagoko jendeari".

Lehen hitzordua otsailaren 2an izango da, Ekain pailazoaren Slapstik emanaldiarekin. "Jolasa, umorea, katxondeoa eta zirkua" uztartuko ditu ikuskizun berri honetan. 

Potxin-Patxinen Baserria ere taularatuko dute otsailaren 23an. Baserrira joango dira egun pasa, eta ikusleak ere bertan sentiarazi nahiko dituzte. Mendi, baso, eta zelaiek emandakoarekin ondo pasatuz ikastea du helburu saio honek. Animalien lagun izaten eta bakean uztearen garrantzia ikasiko dute ikus-entzuleek, eta jolastuz baserriko eginkizunetan parte hartuko dute. 

Klown bertso saioa egingo dute otsailaren 28an, Oihana Bartra, Ane Labaka eta Miren Artetxe bertsolariek, Beatriz Egizabalek gidatuta. Inprobisazioa oinarri duten bi sormen alor uztartuko dituzte: bertsoa eta clowna. Egizabal arduratuko da bakarrizketa laburren bidez bertsolariei gaiak proposatzeaz. Lau ahots elkarlanean arituko dira umoretik eta feminismoz.

Gainerako ikuskizunak hauek izango dira: Inda Pereda-ren Lubbert, otsailaren 7an; Cia Maiclown-en Tentación divina, otsailaren 9an; Compañía Niumpaloal'arte-ren Natación sinCLOWNizado, otsailaren 14an; Cia Bergamown-en Party Time, otsailaren 16an; eta Señor Stets-en Traqueteo, otsailaren 21ean.