Zortzi bertsolari nor baino nor Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean

Zortzi bertsolari nor baino nor Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean Larunbatean jokatuko da finala Bilbao Arenan, 17:00etatik aurrera. Telebistan eta sarean ere jarraitu ahalko da saioa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zortzi-bertsolari-nor-baino-nor-bizkaiko-bertsolari-txapelketaren-finalean/@@download/image/20211214125606_bizkaiko-bertsolari-txape_foto610x342.jpg
2021/12/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Larunbatean jokatuko da finala Bilbao Arenan, 17:00etatik aurrera. Telebistan eta sarean ere jarraitu ahalko da saioa.
Zortzi bertsolari nor baino nor Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean

Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi txapelduna eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak arituko dira larunbateko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantuan. "Gogotsu eta prest" daudela adierazi dute finalistek eta "saio ederra"  izango den ustea dute. 

Bertsolariek gaiak ere beharko dituzte larunbatean kantuan aritzeko, eta Idoia Anzorandia Kareaga eta Itxaro Juaristi Olaetxea arituko dira jardun horretan. Epaile lanetan, berriz, honako hauek izango dira: Ander Txakartegi Basterretxea, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lana Itziar Basterretxea Olarreagak egingo du.

Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak jantziko diote txapela irabazleari. Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailearen parte dira biak aspalditik eta eurak omentzea erabaki dute gainerako kideek. Biek urte hauetan guztietan egindako ekarpena azpimarratu nahi izan dute eta "bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten". 

Saioa bostetan hasiko da larunbatean Bilbao Arenan, baina ateak 15:30ean zabalduko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.  Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai larunbat goizera arte. Egunean bertan txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira, 12:30ean. Saioa ETB4 katean emango dute eta eitb.eus-en ere bai.