'Zorrotz' hedabide digitala sortu dute
Berria egunkariak iragarri duenez, Zorrotz.eus hedabide digitala jarriko dute martxan datorren igandean. Euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz idatzitako artikuluak zintzilikatuko dituzte bertan. Audio eta bideo formatuko elkarrizketak ere argitaratuko dituzte gunean. Artikulu guztiak irekian eta dohainik izango diren arren, harpidetza egin ahal izango da, urtean 48 euro ordainduta.
Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak egingo ditu euskarazko elkarrizketak eta berak koordinatuko ditu euskarazko edukiak ere. Gaztelaniazkoak, berriz, Bea Talegon politikari eta zutabegileak gidatuko ditu. Euskal Herriko hainbat kolaboratzaile ere izango ditu hedabide berriak, hala nola Jabier Salutregi Egin-eko zuzendari ohia, Amparo Lasheras kazetari eta idazlea, Ibai Zabala pilotari ohia eta irakaslea, Lander Iruin kazetari eta dokumentalgilea, Txente Rekondo nazioarteko analista, Jonathan Martinez kazetaria, Laura Perez Podemos Nafarroako idazkari nagusi izandakoa, Ziortza Karranza psikologo eta sexologoa, eta Naroa Martinez psikopedagogoa.
Gaztelaniaz zein katalanez idatziko duten Kataluniako kolaboratzaileen artean izango dira David Fernandez CUPeko bozeramaile ohia, Albano Dante Kataluniako Podemeko idazkari nagusi ohia, Jordi Borras kazetaria eta Marta Sibina En Comu Podemeko diputatu ohia. Galiziako Suso del Toro idazlea ere arituko da kolaboratzaile lanetan eta gaztelaniaz zein galegoz idatziko du. Madrildik, besteak beste, Guillermo Toledo aktoreak idatziko du.
Liburu argitalpenak
Liburu formatuko argitalpenak ere egingo dituzte, Zorrotz Liburuak izenburupean. Argitaratuko duten aurreneko liburua Itziar Ituñorekin egindako elkarrizketa-liburua izango da, Igor Meltxorrek gaztelaniaz idatzitakoa. Lan hau astebururako izango omen dute prest. Ituñorenaz gain, Oñintza Enbeitaren Izurritea ere kaleratuko dute. Enbeitak azaldu duenez, azken urtean bizitakoaren inguruko gogoeta pertsonalak jasoko ditu liburuak.
Horiez gain, Tasio marrazkilariaren lan bat eta Gorka Garmendiak hitzen esanahaiei buruz egindako beste bat ere argitaratzeko asmoa dute. Otsail aldean, berriz, Cabacas auziaren inguruko liburu bat iritsiko dela aurreratu dute.

