Zorri berritsuak

Zorri berritsuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zorri-berritsuak/@@download/image/zientzia_1361460180.jpg
2013/03/04
erreportajea
Testua: Jesus Mari Txurruka doktorea. Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animali Fisiologia Saila. Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU.
Zorri berritsuak
Gure odolaz elikatzen diren intsektu hauen genomatik uste baino informazio gehiago atera dute adituek gizakion iraganari buruz.


Baten batek ‘zorri’ hitzari adjektiboren bat eransteko eskatuko baligu, ziur aski ‘nazkagarri’, ‘higuingarri’, ‘azkura-eragile’, eta antzekoak bururatuko litzaizkiguke lehenik, eta agian bakarrak lirateke; inondik inora ere ez ‘berritsuak’. Kontua da, zorriek, berez, guri buruzko, gizakioi buruzko informazio mordoa daukatela. Asmatu beharko duguna da nola galdetu, informazio hori eman diezaguten. Galdetzeko hizkuntzak ezingo du izan, jakina, Txanogorritxok otsoarekin hitz egiteko erabilitako hura (nola ariko ziren: euskaraz ala ‘otsoeraz’?), ezta Nemoren aitak eta Dorik balearekin hitz egiteko erabilitako ‘baleera’. Zorriek nukleotidoen hizkuntzan idatzita duten informazioa irakurtzeko gai izan dira ikerlariak edo, termino teknikoagoetan adierazita, gizakiaren bizkarroiak diren zorrien genomak sekuentziatu dituzte. Baina, zer kontatu digute zorri berritsuek?

Inor gutxik daki hiru zorri espeziek hartzen gaituztela euren etxetzat, alegia, gizakiok hiru zorri espezie ditugula bizkarroi edo parasito. Buruko zorria edo zintzialariek Pediculus Humanus Capitis izenarekin ezagutzen duten intsektu hegobakoa da gure zorri espezie ezagunena; umeei buruko azkura, gurasoei buruko mina eta biei lotsa eragiten diena, hain zuzen. Soilik gizakion buruko ileetara oratuta bizi da eta, gure buruko azala zulatuz, soilik gure odolaz elikatzen da. Ez du gaixotasunik transmititzen eta, naturan ezin denez beste inon bizi, geure-geuretzat hartu behar dugu, egia zientifiko hori onartze soilak baten bati azkura eragingo dion arren.

Badago, egon, baita ere, gure zorriarekin estuki erlazionaturiko Pediculus Schaeffi izeneko zorria, txinpantzeen zorria. Darwinek On The Origin of Species (1859) liburu ezaguna argitaratu zuenetik mende eta erdi luze iraganda, honezkero denok dakigu txinpantzea gure ahaide hurbilena dela. Txinpantzeetaraino eta gizakitaraino heldu diren lerro ebolutiboak banandu ziren une berean banandu ziren gure buruko zorriaren eta txinpantzeen zorriaren lerro ebolutiboak ere. Ikerlariek zorri espezie bien genomak erkatu dituzte eta, zer adierazi digute? Duela sei bat milioi urte banandu zirela...  eta esan gabe doa data hori bat datorrela paleoantropologoek eta genetika molekularrean adituak direnek txinpantzeen eta gizakiaren arteko banaketarako estimatu duten datarekin. Beraz, aspaldiko lagunak ditugu buruko zorriak.

Gure bigarren zorri espezie bizkarroia Pthirus Pubis deritzona da, ile pubikoan bizi dena. Gaur egungo gizakia ilaje txatalez dago estalia, alegia, gure gorputza zatika agertzen da ilez estalia. Ile pubikoa askoz ere sendoagoa eta lodiagoa da burukoa baino eta, hainbesteraino dira desberdinak, ezen buruko zorria ezin baita hain ile lodietara oratu edo heldu. Ondorioz, zorriak, batzuk eta besteak, desberdinak dira morfologikoki eta jatorriari dagokionez ere. Pthirus Pubis hauen genomei galdetuta, hara non topo egingo dugun ondorengo informazioarekin: euren ahaide hurbilena Pthirus Gorillae da, gorilaren zorria hain zuzen ere. Gorilaren eta gure zorri pubikoaren genomek adierazten dute, beraz, bi espezieak duela 3,3 milioi urte banandu zirela. Inor gure arbasoen eta gorilen arbasoen artean egon zitezkeen balizko harreman intimoei buruzko txisteak asmatzen hasi baino lehen, argi utzi nahi dut politikoki zuzenagoa ezezik zientifikoki zuzenagoa ere badela pentsatzea harrapakinaren –gorilaren– gorputz osoa estaltzen zuen ilajetik harrapariaren –gizakiaren– ilaje-txatal batera kasualitatez egin zuela salto, jan aurretik gorilari larrua kentzerakoan-edo.

Gure hirugarren zorri espeziea Pediculus Humanus Corporis deritzona da, gure buruko zorritik ebolutiboki eratorria. Arropetan bizi da eta soilik elikatzeko joaten da gure azalera, zulatzeko eta odolez elikatzeko, hain justu. Zorri espezie hau bai da arriskugarria, makina bat gaixotasunen garraiatzailea baita. Buruko eta arropetako zorrien genomei galdetuta, esan digute duela 120.000 urte inguru banandu zirela, eta datu horrek adieraziko liguke noiz hasi zen gizakia arropak maiz erabiltzen. Zorriek emandako informazio honetaz aparte, gaur egun ez daukagu inolako iturririk jakiteko noiz hasi ginen janzten, beraz, ekarpen garrantzitsua da. Eskerrak XXI. mendean ‘zorrieraz’ hitz egiten ikasi gabe ere, zorriei guri buruzko informazioa ateratzen ikasi dugun!