Zornotzako Mangamore jaialdia izango da asteburuan

Zornotzako Mangamore jaialdia izango da asteburuan Megamax eta El Quinto emperador youtuberrek parte hartuko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zormotzako-mangamore-jaialdia-izango-da-asteburuan/@@download/image/Kartela-2-768x1089.jpg
2022/10/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Megamax eta El Quinto emperador youtuberrek parte hartuko dute.
Zornotzako Mangamore jaialdia izango da asteburuan

Manga eta anime zaleek Mangamore jaialdiaz gozatu ahalko dute ostiraletik igandera bitarte. Hamaseigarren edizio honetan lehiaketak, puzgarriak, kontzertuak, tailerrak, postuak eta beste hainbat kontu izango dira egitarauaren barruan.

Aurtengo edizioak bost gune izango ditu: gune gorria, Amorebieta IV pilotalekuan; gune berdea, Zelaieta Zentroan; gune morea, Gaztetxokoaren sarreran; gune urdina, Zelaieta parkeko karpan; eta gune horia, Zornotza Aretoaren eta Herriko Plazaren artean.

Megamax eta El Quinto Emperador youtuber ezagunak izango dira jaialdian. Megamax animeaz eta mangaz aritzen da eta zazpi milioi jarraitzaile baino gehiago ditu plataformetan; bost milioi TikToken, milioi bat Youtuben eta 250.000 inguru Twitterren, besteak beste. El Quinto Emperador gipuzkoarra, berriz, One Pieceren animazio telesailaren zale amorratua da eta honi buruz egindako bideoengatik egin da ezagun. Gainera, arropa marka ere badu. Bi youtuber horiek gune gorrian egongo dira, urriaren 15ean, 12:30etik aurrera.

Ruki-Chan artista valentziarra ere gonbidatu dute kontzertua emateko. Japonian egin zen ospetsu, bertako pop talentu gazteen lehiaketa batean atzerriko irabazle izendatu baitzuten. Ondoren, bi single grabatu zituen eta bere lehen diskoa kaleratu zuen Haruko Momoiren diskoetxearekin. Murasaki Taiko taldea ere arituko da, danbor japoniarraren unibertso sonoro eta eszenikoan oinarritutako kontzertua eskaintzeko, eta baita Behotsik orkestra ere. Azken honek Japoniako marrazki bizidunetako eta beste film eta telesail batzuetako soinu-banda ezagunenak joko ditu.

Bestetik, gune gorrian, Aikido Tanabe eta Tengu taldeen arte martzialen erakustaldia izango da eta Mitsuru Nagatak tinta beltzeko marrazketa teknika batean oinarritutako arte japoniarra erakutsiko du.

Euskarazko bi hitzaldi ere egingo dituzte. Alde batetik, urriaren 14an, 19:00etan, Jose Antonio Morlesín Mellado iaz EHUk argitaratutako Komikiak aztertzeko gida bat liburuaren inguruan arituko da. Beste aldetik, Jose Carlos Torrek eta Maitane Etxebarriak TTAK komiki eta ilustrazio aldizkaria aurkeztuko dute, ikasleei profesionalizaziorako bidean laguntzeko helburua duena.

Beste hainbat jarduera ere izango dira egitarauan: Cosplay eta Asian Dance lehiaketak, adin guztietarako puzgarriak, eskulan eta pintura tailerrak, txu-txu tren-irteerak, bideojokoen txapelketak, antzezlanak, film proiekzioak, azoka... Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.