Zoriontasunari buruz egindako ikerketarik luzeenak emandako gakoak

Zoriontasunari buruz egindako ikerketarik luzeenak emandako gakoak Laurogeita bat urteko iraupena duen Harvard-eko ikerketa batek bizitza zoriontsuago bat izateko gomendioak eta gako batzuk luzatu ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zoriontasunari-buruz-egindako-ikerketarik-luzeenak-gako-batzuk-eman-ditu/@@download/image/-1556726882,811.jpg
2020/01/09

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Laurogeita bat urteko iraupena duen Harvard-eko ikerketa batek bizitza zoriontsuago bat izateko gomendioak eta gako batzuk luzatu ditu.
Zoriontasunari buruz egindako ikerketarik luzeenak emandako gakoak

Urtero sasoi hauetan, ohikoa izaten da urte berriko asmo onen zerrenda burutzea, 2019ko balantzea eginez 2020rako helburu berriak finkatzea. Asmo horietako bat zoriontsuagoa izatearena izan ohi da, baina nola?

1938. urtean zientzialari batzuk Harvard-eko bigarren mailako 268 ikasleren osasunaren jarraipena egiten hasi ziren, osasunak helduaroan duen garapenaz ikasteko. Egun, ikerketa horrek abian jarraitzen du. Ikerketan garai hartan gizonezkoak bakarrik aztertu ziren, ez baitzen unibertsitatean emakumerik onartzen. Hastapeneko parte hartzailetako bat izan zen John F. Kennedy. Ordutik ordea ikerketa izugarri hazi da eta egun hasierako parte hartzaile horien ondorengo 1 300 partaide daude, gizon zein emakume. Ikertzaileek sekulako datu pila bildu dituzte gure osasun fisiko eta mentalaren inguruan. Horretaz gain, parte hartzaileen bizitzak ere ikertu dituzte, euren arrakasta eta porrotak kontuan hartuz, baita euren lanbideak eta joera sentimentalak.

Robert Waldinger-ek, ikerketaren zuzendari, psikiatra eta irakasleak, adierazi duenez ikerketaren aurkikuntzarik harrigarriena gure harremanak izan dira. Gure harremanekin zoriontsu egotea gure burua zaintzeko modu bat da. Waldinger-ek dio partaideen osasun egoera ikusteko ez dela kolesterola aztertu behar, baizik eta dituzten harremanen kalitatea, adierazgarri horrek esango baitigu nola zahartuko diren. 50 urte dituela euren harremanekin gustura dagoena 80 urtetan osasuntsu egon ohi da ikerketan ikusi ahal izan deneren arabera.

Beren harremanak zaindu zituzten parte hartzaileak denbora gehiagoz bizi izan ziren eta baita zoriontsuagoa ere. Aldiz, bizitza bakartiagoa aukeratu zutenak, maiz lehenago hiltzen ziren. Waldinger maisuak argi du: “Bakardadeak hil egiten du. Tabakoak edo alkoholak bezain besteko efektua du”. Harreman onek ez dute gure gorputza bakarrik babesten, baita gure garuna ere. Harreman on horiek ez dute zertan beti errazak izan behar ordea. Ikertutako zenbait bikote adinduk egunero eztabaidatzen zuten, baina bata betearekin konta zezaketela sentitzen zuten bitartean liskar horiek ez zuten eraginek euren oroitzapenetan.

Izan ere, zahartzea ez da adin jakin batetik aurrera hasten, oso goiz baizik. Pertsonok bizitza osoan zehar zaindu behar genuke. Waldinger-en arabera zahartzea etengabeko bide bat da. Gaztetatik asko zaindu denda hobeto zahartuko da. Hau da Waldinger-en gomendioa: “Zaindu zure gorputza ehun urtetan zehar behar bazenu bezala, agian beharko duzu eta!” Eta noski, zaindu zure ingurukoak ere, maite ditugunak zainduz zaintzen baikara gehien. Ruperrek ezin hobeto laburtzen du guztia: "Zaindu maite duzun hori".