Zorionak Madiba

Zorionak Madiba Hilak 18, asteazkena, ehun urte beteko lituzke Bakearen Nobel saridun eta apartheidaren aurkako aktibistak. Bere esaldi ezagunenak ekarri ditugu gogora: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zorionak-madiba/@@download/image/08Mandela-Images-slide-3GG5-master1050-v2.jpg
2018/07/18
berria
Hilak 18, asteazkena, ehun urte beteko lituzke Bakearen Nobel saridun eta apartheidaren aurkako aktibistak. Bere esaldi ezagunenak ekarri ditugu gogora:
Zorionak Madiba

Madibak ehun urte beteko zituen hil honetan, 18an, eta Hego Afrikan zein mundu osoan ospakizunak antolatu dituzte. Nelson Mandela (1918-2013), botere exekutiboa burutu zuen lehenengo buruzagi beltza izan zen, eta baita herriak sufragio unibertsalaren bidez hautatutako lehena. Abokatua, ekintzailea, politikaria eta filantropoa, desberdintasun sozialen eta arrazismoaren aurka borrokatu zuen.

Afrikako Kongresu Nazionalera atxikitzean eta arrazismo politiken aurka manifestatzearen ondorioz, 27 urtetik gora eman zituen espetxean. Garai hartan, bere ospea etengabe hazi zen, anti apartheidaren mugimenduarekiko erresistentzia ikur indartsua bihurtu zenez. 1990ean askatu zuten, 1993an Bakearen Nobel Saria jaso zuen eta 1994an presidente bihurtu zen. Asko dago Mandelaz esateko, baina onena, berak esandakoak gogoratzea dugu:

 

"Zer askatasun mota eskaini didate, herriaren erakundea oraindik debekatuta dagoenean? Gizon libreak soilik negozia dezake. Presoak ezin du itunik sinatu".

—Nelson Mandela, 1985eko otsaila

 

"Nire bizitzan zehar Afrikako jendearen borrokari lotua ibili naiz. Zurien dominazioaren aurka borrokatu dut, beltzen dominazioaren aurka borrokatu dudan bezala. Jendarte libre eta demokratiko baten ideala maitatu izan dut, non pertsona guztiak elkarrekin armonia onean eta aukera berdintasunean biziko diren. Ideal honen alde biziko naiz, eta noizbait erdiestea espero dut. Baina aldi berean, egoerak hala eskatzen badu, bere alde hiltzeko prestaturik nago".

—Nelson Mandela, 1963

 

"Borroka armatua baliatu izan dugu 1960an ANCren beso militarra (Umkhonto we Sizwe) sortu genuenetik, apartheidaren biolentziatik defenditzeko ekintza gisa. Borroka armatua eskatzen zuen egoerak bere horretan dirau. Ez dugu aurrera egin beste irtenbiderik. Noizbait negoziazio prozesu bat martxan jartzeko moduko testuingurua azkar lortzea litzateke nire nahia, non ez dugun gehiago borroka armatuaren beharrik izango".

—Nelson Mandela, 27 urte kartzelan egin eta kaleratu zen egunean

 

"Gaur, nire barren barrenetik, hegoafrikar bakoitzari zuzentzen natzaizue, beltz eta zuri. Era guztietako aurreiritzi eta gorrotoz betetako gizon zuri bat iritsi zen gure herrialdera, eta berak egindako akats hain larri baten ondorioz, gure herrialdea desastrean erortzeko zorian dago. Emakume zuri batek, afrikanerra jatorriz, bere burua arriskuan jarrita, hiltzaile hau justiziaren aurrera eraman du. Chris Haniren odol hotzeko hiltzaileak olatu kolpeak igorri ditu herrialdean eta mundu osoan zehar. Orain da unea hegoafrikar guztiok elkarrekin zutik jarri eta edonola, Chris Hanik bere bizitza eskaini diona suntsitzen utz ez diezaiegun. Gu denon askatasuna".

—Nelson Mandela, 1993ko apirila