Ziztu bizian

Ziztu bizian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ziztu-bizian/@@download/image/42p40-1.jpg
2004/06/04
erreportajea
Ziztu bizian
Goitibeherak festa sasoiko osagarria izan dira aspalditik. Gaur egun, kirol bihurtzeko bidean dira. 

Goitibeherek, betidanik, ikusmira piztu izan dute jaietan. Lasterketa bitxi hauek, ordea, hil zorian egon dira. "Istripuak zirela eta, segurtasun baldintzak gogortu egin ziren. Ondorioz, lasterketak egiteari utzi zion jendeak", esan digu Fermin Paularenak, Goitik Behera aldizkari sortu berrian koordinatzaile lanak egiten dituen iruñearrak. Hala ere, 70eko hamarkadatik, egoerak hobera egin du poliki-poliki, eta gaur egun araututako jarduera da eta, are gehiago, kirol dimentsioa ere hartu du. Horren adierazle, azken hamarkadetan Iruñean, Saran edo Zuian egindako txapelketak. "Goitibeherak arrisku kirola dira gaur egun. Izan ere, aurrerapauso handiak eman dira. Eta herrietan egiten diren lasterketez gain, txapelketak ere antolatzen dira", dio Fermin Paularenak.

Ibilgailu talde —"karrozeria"—ugari dago Euskal Herrian: Laudioko Mika,  Olaztiko Tximista, Leitzako Arranoa… Eta ibilgailuek, txapelketetan parte hartzeko, baldintza jakin batzuk bete behar dituzte. Teknologia aldetik, hobekuntza handiak izan baitira goitibeheretan. Txapelketetan bi kategoria daude: errodamenduz egindako gurpilak dituzten ibilgailuena, batetik, eta gomazko gurpilak dituztenena, bestetik. Dena dela, beste kategoria bat ere bada, librea, baina txapelketatik kanpora. Azken honetan lehiak ez du horrenbesteko garrantzia —ondo pasatzea da kontua—, eta beraz, ibilgailuek ez dute baldintzarik bete behar; irudimena eta umorea dira garrantzitsuena.    

Hala ere, ez pentsa kirol-ikuskizun hau Euskal Herrian soilik egiten denik: Katalunian cars de coixinet eta Galizian Carrilanas izeneko lasterketak egiten dituzte. Euskal Herriko zaleek bertakoekin harreman estua dute egun.