ZIZTADA & RLANTZ TALDEAK 'KSMS' LANA KALERATU DU
Ziztada & Rlantz 2017an eratutako reggae dub taldea da, eta Ahotsean Ziztada (Bilbo) eta Rlantz (Amurrio) base-ekoizlea eta dub maker-a dira taldea osatzen dutenak. Sound system munduan sartzeko grina zela medio abiatu zuten proiektua, "Euskal Herrian erregistro hau lantzen zuen talde askorik ez zela ikusirik, eta are gutxiago euskaraz eta emakume bat protagonista zuena". Hiru disko argitaratu dituzte gaurdaino: Egun Hotzak (2018), Azken Argiak (2020), eta KSMS (2021). Letra alternatiboak eta aldarrikatzaileak dituzte oinarri, nahiz eta azkenengo lanean sentimendu eta ideia pertsonalak azaleratu dituzten.
KSMS (Kosmos) izena jarri diote azken lanari, abestiek "kutsu espaziala" dutelako, "erritmo lasaiak eta utopikoak diren letrak munduko errealitatetik kanpo eraman dezakeelako entzulea". Kanpo espazioarekin du lotura lan honek, beraz, "entzun bitartean hausnarketarako tokia eraikitzen baita, bake sentimendu eta sentsazio lasaia transmititzen da eta, horren ondorioz, mundu barneko estresaren ordez, unibertsoaren lasaitasuna, iluntasuna eta handitasuna gogorarazten du".
5 abestiz osatutako EP laburra da eta musika estiloari eta ahotsari dagokionez, guztiz desberdina dela nabarmendu dute taldekideek. Lo-fi, reggae eta R&B generoak jorratu dituzte, baseak eta ahotsak aurreko lanetan baino askoz ere melodikoagoak dira, rap kutsua kenduta, eta, horretaz gain, letra pertsonalagoak sortu dituzte. Musikariek jakinarazi dutenez, erreferentzia anitz izan dituzte lan honetan, batez ere R&B eta Vapor Dub musika estiloarekin zerikusia duten artistak, esate baterako, Biga Ranx, Dame eta Jorja Smith. Letretan, musikak transmititzeko duen indarrari eman diote garrantzia, "utopian edo ametsetan sarturik, burutik irten diren ideiek ere abestien zati handi bat hartzen dute". Horrela, publikoaren hausnarketa pertsonala sustatu nahi izan dute.
EP-a bideoklip formatuan ere kaleratu dute. Bost abestiak hamabost minutuko bideoan bildu dituzte, barrualdeko eta kanpoaldeko espazioak erabilita.
Biniloa eskuratzeko eskaera Taupaka Elkartearen webgunean egin behar da.