ZIRT-ZART: Marina Landa

ZIRT-ZART: Marina Landa “NIRE BIZITZA BOST HITZETAN: ABESTIAK, MUGAK GAINDITZEA, BEGIRUNEA, GARRAIO PUBLIKOA ETA ESTRESA” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zirt-zart-marina-landa/@@download/image/ZIRT-ZART_marina landa zirt 3.jpg
2024/02/28
“NIRE BIZITZA BOST HITZETAN: ABESTIAK, MUGAK GAINDITZEA, BEGIRUNEA, GARRAIO PUBLIKOA ETA ESTRESA”
ZIRT-ZART: Marina Landa

Euskal Herriko pop musikari buruzko doktoretza-tesian buru belarri aritu da Marina Landa (Donostia, 1993) azken urteetan. Orain, Aria taldearekin 'Urdin' diskoa kaleratu du, eta galdera bihurri hauek erantzuteko tartea ere hartu du.

  •  Sekula egin ez dizuten zein galdera egitea gustatuko litzaizuke?
    “Zergatik ez duzu lehenago publikatu zure diskorik?". Atzean dagoen azalpena ematea garrantzitsua litzateke niretzat.
  • ‘Clickbait’ egiteko zein titularren protagonista izatea gustatuko litzaizuke?
    Ez ditut titular sentsazionalistak gustuko, baina, izatekotan, “euskuore” pixka bat saltzen duen batean; abeslari famatu batekin nabilela, adibidez.


  • Gustatzen zaizun, baina gustatzen zaizula sekula aitortuko ez zenukeen artista?
    Alejandro Sanz . Nire balioen kontrako kanta asko izan arren, batzuk txikitatik buruz dakizkit eta noizbehinka entzutea gustuko dut!
  • Zein platera kozinatu ahalko zenuke momentu honetan hozkailuan duzunarekin?
    Izozkailuak ez du balio, ezta? Orduan, tortilla edo entsalada.
  • Zure hurrengo diskoak Whatsappeko zure azken mezuaren izenburua izango balu, zer izen izango luke?
    "Oraindik ez da berria iritsi ".
  • Zer abestik ematen dizu nazka?
    "Tu fuiste mala, que te recojan con pala” (gaiztoa izan zinen, pala batekin jaso zaitzatela) esaten duena. Izugarri haserretzen naiz norbaitek abesten duenean.
  • Zer abesti aukeratuko zenuke zure hiletarako?
    Simon & Garfunkel-en The sound of silence. Nire gurasoen ezkontzako bideoko kanta da eta beti izan da berezia niretzat. Hala ere, asko gustatuko litzaidake nire ingurukoek Hotza izeneko nire kanta abestea.
  • Zer birao duzu gustukoen?
    Ia guztiak. "Hostia" eta "joder" gehiegi erabiltzen ditut…
  • Interneten zuri buruzko gauzen bila aritu izan al zara?
    Bai, behin baino gehiagotan, eta horri esker deskubritu nuen nire izen bereko konpositore errusiar bat dagoela, 1960an jaioa!



  • Zerurik izango balitz, Jainkoak zer esatea gustatuko litzaizuke sarrerara iristean?
    "Ondo egin duzu, baina ez zenuen nik esateko beharrik".
  • Zertan lan egin izan duzu?
    Komunikazio arduradun, kultur kudeatzaile, museo bateko azafata, ikertzaile, erredaktore, gida turistiko, community manager...
  • Zure ezaugarriren bat aldatu ahalko bazenu, zer aldatuko zenuke?
    Zalantzarik gabe, gehiegi pentsatzeko joera. Gutxiago pentsatu nahiko nuke, burua askatu eta ekin, beldur gutxiagorekin.
  • Zer da besteengan gehien gorroto duzuna?
    Begirune eza, edozer esateko eskubidea dutela sentitzea, autokritikarik egin gabe besteak epaitzea, komunitate batekiko edozein fobia... Ufa, gauza dezente.
  • Zer bertute balioesten da behar baino gehiago?
    Zintzotasuna, egia esanda. Egia esaten jakin behar da: noiz, nola, nork, nori... Egia ezin da guztiaren gainetik egon.
  • Zer hitz duzu kutunen?
    Azkenaldian "aria", gure taldearen izena. Nire mantra bezalakoa da.
  • Zein da deskargatu duzun azken app-a?
    Wallapop. Gitarra bat eta bi telebista ditut salgai, norbaitek interesa baldin badu...



  • Fikziozko zer pertsonaia nahiko zenuke laguntzat?
    Chandler Bing.
  • Zer pentsatuko luke zure bertsio gazteagoak zutaz?
    Ez naizela nahikoa errebelde, baina bizitzan ahal dudana egiten ari naizela.
  • Deskribatu zure bizitza bost hitzetan.
    Abestiak, mugak gainditzea, begirunea, garraio publikoa eta estresa.
  • Esan eta berehala damutu zaren esaldia?
    "Lasai, nik egingo dut!". Ez, onartu behar dut ezin dudala nik guztia egin.
  • Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
    "Ai ene!!!".
  • Zer hitz gustatzen zaizu gutxien?
    “Gorotz", adibidez.