[ZIRT-ZART] AINHOA ETXENIKE: “Jaten nuen guztia nire edarian bustitzen nuen haurra nintzenean”
![[ZIRT-ZART] AINHOA ETXENIKE: “Jaten nuen guztia nire edarian bustitzen nuen haurra nintzenean” [ZIRT-ZART] AINHOA ETXENIKE: “Jaten nuen guztia nire edarian bustitzen nuen haurra nintzenean”](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zirt-zart-ainhoa-etxenike-201cjaten-nuen-guztia-nire-edarian-bustitzen-nuen-haurra-nintzenean201d/@@images/2255fdcb-d2b4-46e5-bc7c-19035c34dd45.png)
Kazetaritzan ez balitz, zer beste lanbidetan aritzea gustatuko litzaizuke?
Egia erran ez dakit. Euskararen inguruan, hori segur, euskararen beharra baitut egunerokotasunean. Beraz, agian, AEK-ko irakasle?
Zein dira zure heroiak bizitza errealean?
Nire hurbilekoak dira nire heroiak. Nire ama eta anaia datozkit burura.
Zertaz damutzen zara gehien?
Ez dut damurik. Agian zintzoegia izana merezi ez zuten pertsonekin, baina badakit gauzak hala gertatu baldin badira, ez dela kasualitatea izan. Egoeraz ikasi dut, beraz ez naiz hainbeste damutzen.
Zein da zure lema?
Bi ditut: “Borrokatzeak merezi du” eta “Ezer ez da betiko”.
Zer hitz duzu kutunen?
‘Harreman’ hitza anitz maite dut, izan definizioagatik edota hitzaren egituraketagatik. Arrazoi berezirik ez badut ere, ‘sustut’ eta ‘etzidamu’ hitzak anitz maite ditut.
Zerk pizten zaitu sormen edo emozio aldetik?
Musikak pizten nau emozio aldetik. Biziki sentsiblea naiz, kantu batek obsesionatzen ahal nau denbora batez. Hori gertatzen denean, egunean kantu horren entzuteko beharra sentitzen dut, behin eta berriz entzutea ezinbestekoa dut. Gainera, musikarekin anitzez produktiboagoa naizela uste dut.
Zer soinu edo zarata gustatzen zaizu gehien? Eta gorroto?
Arraunean estropuaren harrabotsa anitz maite dut. Aldiz, harrabots ala zarata azkarrak ez ditut jasaten ahal: hegazkin militarrak pasatzen direnean, petardoak, su artifizialak, baloi bat zartatzean, tiroak… Gorroto izatea baino gehiago, zarata horiek beldurtu egiten naute.
Tatuaje bat egin beharko bazenu gaur, zer izango litzateke?
Berri Txarrak taldearen hitzak dudarik gabe. Biziraun kantuko “Bizi ala iraun” esaldia hain segur…
Zein da zure superstiziorik irrazionalena?
Karman sinestea. Bizian bizitzen ditugun gertakari guziak zerbaiterako direla eta kasualitaterik ez dela. Gertatu beharrekoa gertatuko dela.
Zer janari konbinazio bitxi duzu gustuko?
Orain ez dut konbinazio bitxirik egiten, baina haurra nintzenean, jaten nuen guztia nire edarian bustitzen nuen. Gehien maite nuena txokolate zuridun olatañoak Coca-Colan bustitzea zen.
Zer da apustu bat tarteko egindako tontakeriarik handiena?
Nire erantzunak ez dio arras galderari erantzunen, baina 17 urterekin eskola gelditzea, bakarrik etxetik ikastea eta baxoa hautagai librean pasatu izana izan da egin dudan apusturik handiena. Ez da tontakeria izan, baizik eta nire bizian hartu dudan hautu onenetarikoa.
Nola hil nahiko zenuke?
Gehienek espero dugun bezala nire ustez: zahartasunez, naturalki eta damurik gabe. Nolakoa litzateke zure egun perfektua? Udako egun bat, mendian isolatua den etxe batean, kanpoan, maite dudan jendearekin, jan, edan, jostatu eta irri egiten.
Nork dakizki zure sekretu gehien?
Ez dut uste sekretu anitz dudanik. Hala ere, erran nezake Nora nire lagunak dakizkiela gehien.
Zer ezaugarri izan behar ditu nahitaez zure lagun batek?
Entzuten jakitea, epaitu gabe. Konfiantzazko pertsona izan behar du, segur izan behar naiz erraten diodana ez duela errepikatuko. Nahiz eta egunero ala astero hitz egiten ez dugun, pertsona bat zeinekin ikusten ala hitz egiten dugun oro konexioa berriz egiten den.
Zer gairi buruz hitz egitea edo idaztea maite duzu?
Nire barnean ditudan gauzez idaztea maite dut. Gai sakonak maite ditut, ahoz erraten lortzen ez dudana idatziz erratea. Anitz hunkitzen, mintzen, haserretzen edota izenik ematen ahal ez diedan gauza horien inguruan idaztea maite dut, hortaz hitz egitea gehiago kostatzen bazait ere. Besteak beste, injustizia, emazteak, euskara, eta euskalduntasuna dira pizten nauten gaiak.
Zein da zure toki kutuna?
Ipar Euskal Herrian “barnealdea” deitzen zaiona, itsasbazterretik urrun den eremua. Nafarroa Behereko herri ttipi anitz maite ditut. Bideak, paisaiak, etxeak, lasaitasuna… zinez atsegin ditut.
Zein da zure ezkutalekua?
Biziki erraza eta hogei minutuz igaten den Senpereko mendi bat. Bakarrik egoteko zailtasunak ditudanez, usutan mendi hartara noa deskonektatzeko. Musika ematen dut, pentsatzen hasten naiz. Momentu horretan, bakartasunak, musikak eta paisaiek goxatzen naute.