Ziomara Hormaetxe: "Euskal Herrian ez da dantza ogibidetzat hartzen"

Ziomara Hormaetxe: "Euskal Herrian ez da dantza ogibidetzat hartzen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ziomara-hormaetxe-quoteuskal-herrian-ez-da-dantza-ogibidetzat-hartzenquot/@@download/image/ziomara3_1413456575.jpg
2014/10/16
elkarrizketa
Artearen Historia eta dantza ikasketak atzerrian amaitu ondoren Euskal Herrira itzuli zen Ziomara Hormaetxe (1982, Gernika) bere pasioa etxean sustatzeko asmoz. Zailtasunak gaindituta, duela bi urte sortu zuen izen bereko dantza konpainia eta datorren igandean, urriak 19, Donostiako Gazteszenan aurkeztuko du Robert Jackson australiarrarekin batera sortu duen ‘Symbiosis’ obra.


Noiz eta nola hasi zinen?

Gernikarra naiz eta bertan hasi nintzen dantza klasikoa eta balleta dantzatzen. Gero, Bilbon jarraipena eman nion balletari eta aldaketa beharra nuen momentu batean, dantza garaikidearekin saiatu nintzen.

Oker ez banago, Matxalen Bilbaok du honi diozun estimuaren ardura.
Egia esan, La Fundición aretoan eman nituen berarekin lehen urratsal eta asko ikasi nuen. Hala ere, bi disziplinak lantzen jarraitu dut gaur egun arte. Ezinbestekoa baita oinarri finko bat edukitzea disziplina desberdinetan bidaiatu ahal izateko.

Non egin dituzu zure ikasketak?
Beka batekin joan nintzen Nizara (Frantzia). Artearen Historia ikasten ari nintzen eta han amaitu nituen, dantzaren masterra egiten nuen bitartean. Erronka handia eta gogorra izan zen guztia uztartzea, baina, inoiz baino motibazio handiagoa izan nuen eta sekulako aukera da unibertsitateak dantza ikasketekin uztartezko auera ematea!

Ondoren, hiriz aldatu duzu maiz, hala ere.
Bai, Cannes-en egon nintzen dantza eskola batean hasieran eta gero, Madril, Bruselas, Bartzelona eta New Yorken ere izan naiz gauza desberdinak dastatzeko asmoz. Azken uda Amsterdamen eman dut eta orain Bilbo eta Bartzelona bitartean nabil lanean. Non bukatuko dudan? Auskalo!

Krisi garaiak harrapatu gintuenean eman zenuen zuk urrats interesgarria, konpainia propioa sortuz.
Duela bi urtek izan zen. Egoera ez zen, eta oraindik ere ez da batere xamurra, baina orduan izan nuen aurrera egiteko bultzada. Sorkuntzan hasi nahi nuen eta ibilbide gogorra izan den arren, oso pozik nago lortu dudanarekin.

Irailean aurkeztu zenuen ‘K-otica in progress’ lana Fundicion Aretoan. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin atera duzu, ezta?
Bai eta halako laguntzarik gabe ezinezkoa litzaidake halako proiekturik aurrera eramatea. Emaitzarekin oso pozik gaude eta batez ere, honekin aurrera jarraitzeko indarberrituta. Amets bat egi bilakatu denaren sentsazioarekin bizi naiz eta ikaragarria da hori.

Nola baloratzen duzu dantzak Euskal Herrian duen panorama?
Oso gaizki. Euskal Herrian artista on asko dago, hainbat disziplinatan lan interesgarriak egiten, baina, arazoa da ez dugula publikorik. Dantzarion ibilbidearen garapenerako oinarri solidoak falta dira eta gurean ezinezkoa da dantzarekin bakarrik bizitzea. Horren ondorioz, Euskal Herrian ez da dantza ogibidetzat hartzen.

Nola hobetu daiteke hau?
Adirerazpena hezkuntza sistemaren baitan sustatu beharko litzatekeela uste dut, artea gizabanakoarentzat funtsezkoa den heinean. Europako gainontzeko herrialdeetan ogibidetzat dute musika, antzerkia eta dantza, eta hezkuntza sistemak ikasketa arruntak horiekin uztartzeko aukerak eskaintzen ditu.

Nolatan erabaki duzu zuk Europako beste herrialderen batean geratu ordez Euskal Herrian geldtizea?
Dantzari eta koreografo guztiak kanpora joango bagina Euskal Herrian ez litzatekeelako inor egongo. Momentuz, etxean gelditzeko apostua egin dut egoera aldatuko dugun itxaropenarekin eta oraintxe sustapen honetan murgilduta nago buru-belarri.

Datorren igandean, Donostiako Gazteszenan ikusiko zaitugu, Dantzan Bilaka programaren baitan ‘Symbiosis’ lana aurkezten. Aurrerapenik egiterik baduzu?

Bi organismoren arteko etengabeko harremanari  buruz hitz egiten dut Symbiosis lanean. Kontzeptu hori, pertsonen arteko harremanetara bideratzen dut, bizitzan batak bestearekiko sentitzen duen beharra islatzeko. Emozionalki, afektiboki zein fisikoki gizakiok ditugun dependentzien adibidea da eta dantzaren bitartez behar horiei erantzuna bilatzen saiatzen gara.

Amaitzeko, datozen hilabeteetan zertan ariko zara?
Gazteszenan orain arte landu duguna aurkeztuko dugu bakarrik, baina, hausnarketaren bukaeran lanean jarraituko dugu datozen asteetan eta pieza luzea 2015ean Amsterdamen aurkeztea da gure asmoa. Ondoren, bira txiki bat egin nahiko genuke.