Zinexit Zinema eta Giza Eskubideen Erakusketa gaur abiatuko da

Zinexit Zinema eta Giza Eskubideen Erakusketa gaur abiatuko da Sari ugari jaso dituzten hiru dokumental, ‘Maixabel’ estreinatu berria eta 'Paris Stalingrad’ filmaren estreinaldia izango da, besteak beste, bost eguneko iraupena izango duen erakustaldian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinexit-zinema-eta-giza-eskubideen-erakusketa-gaur-abiatuko-da/@@download/image/PARIS STALINGRAD 03.jpg
2021/11/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sari ugari jaso dituzten hiru dokumental, ‘Maixabel’ estreinatu berria eta 'Paris Stalingrad’ filmaren estreinaldia izango da, besteak beste, bost eguneko iraupena izango duen erakustaldian.
Zinexit Zinema eta Giza Eskubideen Erakusketa gaur abiatuko da

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak antolatzen duen Zinexit Zinema eta Giza Eskubideen XI. Erakusketak hainbat sari jasotako lanak aurkeztuko ditu gaur hasiko den edizio honetan: Iaz Goya saria jasotako Nuestras vidas como refugiados en Europa dokumental laburra; Paris Stalingrad filmaren estreinaldia; La leyenda negra, Zinegoaken aurtengo jaialdiko Aniztasuna eta Giza Eskubideak saria; The Cave, hainbat zine jaialditan sari asko jasotakoa eta Oscarretarako izendatua iaz; eta duela gutxi estreinatutako Maixabel.  Gainera, azaroaren 26an pantaila handian eskainiko dute "zinemaren historian gerraren aurka egin den film onenetako bat", Stanley Kubrickek 1957an zuzendutako Senderos  de Gloria.

Beste behin ere, film eta dokumentalen emanaldiekin batera, solasaldi interesgarriak izango dira bost egunetako iraupena izango duen programazioaren barruan. Esate baterako, Maixabel Lasak, bere izena daraman filmeko benetako protagonistak, Silvia Venegas zine zuzendariak, eta Izaskun Arriaran erizain eta Itsas Salbamendu Humanitarioa proiektuaren koordinatzaileak hartuko dute parte. 

Bestetik, haur eta gazteen kontzientziazioan eragiteko Zinexit Eskola saila izango da berriz programan, eta, beste behin, Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Arloarekin batera, IrudiBerria elkarteak Aniztasunaren alde eta Diskriminazioaren aurka antolatutako Bosa! Ekimena hartuko du. Umeei zuzendutako Terra Willy animaziozko filma ere proiektatuko da euskaraz. Era berean, Binti, mugarik gabeko youtuberra ikus-entzunezkoa. Nerabeei Asilo Eskubidearen berri emango dien pieza da, "eskubide hori urratzeak beren adineko mutilen bizitzan zer dakarren jabetzen lagunduko diena". 

Jaialdia gaurtik hilaren 26ra bitartean egingo da Bilboko Golem Alhondiga zinema-aretoetan, 19:30ean, eta sarrera librea izango da, baina emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago jaso beharko da leihatilan.