Zinetika jaialdia Iruñean, Donostian eta Bilbon izango da bihartik abendura bitarte
Zinetika jaialdiaren zazpigarren edizioa bihartik abenduaren laura izango da martxan, eta jaialdiak dantzaren, ikus-entzunezko lengoaiaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko loturak aztertuko ditu. Hiru hiritan gauzatuko da egitasmoa, Iruñean, Donostian eta Bilbon, asteburuetan. Bideo-dantzako film laburretan, performanceetan, lantegietan eta masterclassetan oinarritutako programazioa prestatu dute.
Iruñean abiatuko dira jarduerak eta proiekzioak hilaren 20ra arte, jarraian Donostiara joko du, 26tik 28ra, eta,azkenik, Bilbon amaituko da abenduaren 3an eta 4an. Iruñean, Civivox Kondestablen egingo dituzte ekintzak; Donostian, Arkitektura Institutuan eta Trueba Zineman; eta Bilbon, Guggenheim Museoan.
Hamahiru film proiektatuko dituzte hiru ataletan banatuta eta bost film labur ere izango dira Sail Ofizialean: Work It Class! (Pol Digler), Walks With Me (Kati Kallio), Fibonacci (Tomáš Hubáček), Breakadventure (Igor Krasik) eta Au mur de la mer (Shawn Fitzgerald Ahern).
Bestelako ekintzei dagokienez, Laida Aldazek In perspective, jantzien, arkitekturaren eta musikaren arteko topaketan oinarritutako performance multidiziplinarra eskainiko du larunbatean, arratsaldeko zazpietan,Kondestablearen Jauregian. Bestetik, Marina Lameiro zinemagilearen masterclass-a, eta Luna Negra filmaren aurkezpena ere izango dira.
Bestalde, Decoding Dance izeneko lantegia egingo dute Donostian. Muriel Romerok, Pablo Palaciok eta Daniel Bisigek emango dute, eta dantza-artearen trebetasunak eta arte digitaletakoak uztartuko ditu.

