Zinemaren historiako hamar jantzi ikoniko Errenterian

Zinemaren historiako hamar jantzi ikoniko Errenterian Film ezagunetako hamar jantziren erreprodukzioak daude ikusgai Errenteriako Kapitain Etxean. Abuztuan bisita gidatuak ere izango dira ilunabarrean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaren-historiako-hamar-jantzi-ikoniko-errenterian/@@download/image/Uda-erakusketa-MODA.jpg
2021/07/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Film ezagunetako hamar jantziren erreprodukzioak daude ikusgai Errenteriako Kapitain Etxean. Abuztuan bisita gidatuak ere izango dira ilunabarrean.
Zinemaren historiako hamar jantzi ikoniko Errenterian

Zinemak modaren historiarako betirako utzitako hamar jantzik osatzen dute Errenteriako Kapitain Etxean kokatutako Argiak, kamera, moda! erakusketa. Ezezagun diren diseinatzaile horiek zeintzuk ziren, zinema munduan egindako lana, sortutako jantziak eta modaren historian izan zuten eragina zabaltzea da erakusketaren helburua.

Hamar jantziren erreprodukzioak egin dira bertan eta ikusgai dauden jantzien artean daude Gone with the Wind (Victor Fleming, 1939)Pretty Woman (Garry Marshall, 1990), The Wizard of Oz (Victor Fleming, 1939), Gilda (Charles Vidor, 1946), Roman Holiday (William Wyler, 1953), My Fair Lady (George Cukor, 1964) eta Titanic (James Cameron, 1997) filmetakoak. 

Erakusketan jantziak ikusteaz gain, diseinatzailearen, jantzi zuen aktorearen, zein filmaren datu eta bitxikeriak ezagutzeko aukera ere izango dute bisitariek, besteak beste.

Erakusketa doan ikus daiteke Kapitain-etxearen sarrerako solairuan, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; igande eta jai egunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Iraultza Dantza Taldeak antolatu du erakusketa Jantziaren Zentroarekin elkarlanean.

Bisitaria alfonbra gorriko izar
Zinema izarren jantziak ikusteaz gain, bisitariari alfonbra gorriko partaide izateko aukera ere eskaintzen dio erakusketak. Jantzi dotorea soinean duen maniki bati norberaren besoak eta aurpegia jarrita, zinema izar bihurtu daiteke segundo gutxitan. Argazkiak atera eta irudi horiek sare sozialetan partekatzeko gonbitea luzatu dute.

Bisita gidatuak ilunabarrean
Bigarren urtez bisita gidatuak eskainiko ditu Jantziaren Zentroak larunbat ilunabarretan. Iaz estreinakoz egindako eskaintzak "arrakasta izan zuen eta lekurik gabe geratu ziren herritarrak asko izan zirenez", aurten berriro zabalduko ditu ateak Kapitain Etxeak larunbat gauetan. Bisita gidatuak abuztuaren 7an eta 21ean egingo dira. Euskarazkoak iluntzeko zortzietan izango dira.

Ordu t’erdiko bisita gidatu bereziak izango dira Jantziaren Zentroko bi solairuetako erakusketa iraunkorra ezagutzeko. Modaren historian barrena gauez bidaia egiteko proposamena egingo dute bost euroren truke.

Parte hartu nahi izanez gero, aurrez eman behar da izena Errenteriako turismo bulegora deituta 943 49 45 21 edo jantziarenzentroa@errenteria.eus helbide elektronikora idatzita.