Zinemaren hirugarren iraultza

Zinemaren hirugarren iraultza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaren-hirugarren-iraultza/@@download/image/20104758283d_zinema_avatar_2.jpg
2010/04/02
erreportajea
Aitor Abaroa
“Zinema goitik behera aldatuko duen filma”.  James Cameronen Avatar (2009) fantasia epikoaren ostean zinema ez omen da berriz bera izango. Irudi lauek iraungitze data dutela diote. 3D delakoa omen da etorkizuna. Baina etorkizuna izan aurretik, zinemaren iragana ere izan dira irudi estereoskopikoak. 

Lumière anaiek zinematografoa 1885ean aurkeztu bazuten, 1890ean jada William Friese Greenek hiru dimentsiotako filmak egin zituen, formatu anaglifikoan, lente gorri eta berdedun betaurrekoak erabiliz. Formatu anaglifiko horrek, baina, ez zuen inolako arrakastarik izan.

Telebistaren konpetentziak bultzatuta, zinema estereoskopikoaren urrezko garaia 50eko hamarkadakoa izan zen. Betaurreko gorri-berdeak alde batera utzi eta polarizatutako lenteak erabiliz, 3Dan koloretan egindako lehen film luzea plazaratu zuten 1952an: Bwana Devil. Sekulako arrakasta izan zen eta hala etorri ziren atzetik House of Wax (1953) edo Creature from the Black Lagoon (1954) kultuzko filmak. Zinema aretoetako jabeek, baina, bi dimentsiotako pantaila zabalaren alde egin zuten, CinemaScopearen alde. 60ko eta 70eko hamarkadetan film pronografiko eta beldurrezkoetara mugatu zen zinema estereoskopikoa.

1980ko hamarkadatik aurrera, IMAX pantaila erraldoiak baliatuz, halako loraldi bat izan zuen 3Dak, Friday the 13th III (1982) edo Jaws 3D (1983) adibide. Baina, ohiko zinema aretoetan baino gehiago,  atrakzio parkeetan eta erakustazoketan izan zuen indarra; dokumentalak nabarmendu ziren. Mende berriarekin iritsiko zen marrazki bizidunen bultzada. Robert Zemeckisen Polar Express (2004) filmak proportzioan 14 aldiz diru gehiago egin zuen 3 dimentsiotan plazaratu zen aretoetan 2 dimentsiotan plazaratu zenetan baino. Ondorioz, ondorengo marrazki bizidun gehienak formatu estereoskopikoan ikusteko aukera izan da.

Azken jauzia Avatarek eman duela dirudi. Filma teknologiaren esanetara egon ordez, teknologia filmaren esanetara jartzea lortu du Cameronek. Eta formatuaren arrakastak aurrera darrai. Alice in Wonderland (2010) burtoniarrak film estereoskopiko batek lehen astean inoiz lortu duen diru kopururik handiena bildu du. Emaitzak ikusita, proiektu berriak onddoak bailiran ateratzen ari dira. Oraingoan, 3Da geratzeko etorri dela dirudi. Horretarako, soinuaren eta kolorearen maila teknologikoan jarri beharko da. Zinema mututik soinura: The Jazz Singer (1927). Zuri-beltzetik koloretara: The Wizard of Oz (1939). 2Dtik 3Dra: Avatar. Zinemaren historian hirugarren iraultza izan daiteke.

Ilusio optikoa

Zine aretora sartu, iluntasunean babestu eta besteen bizitzan sartu nahi izaten du zinera doan ikusleak, bestearen lekuan jarri eta haren negar malkoak, malenkonia edo tripetako inurriak norberarenak balira bezala sentitu. Edo ez, norbere arazoak pare bat orduz ahaztu, mundu krudela albo batera utzi eta estimulazio bisualaren besoetan atseden hartu. Batera edo bestera, pantailan ageri den munduan murgildu nahi du ikusleak, eta horixe izan da 3Dak hasieratik bilatu duena. Efektu optikoaren bitartez, errealitatea egunero hautematen dugun bezalaxe hautematea filmak.

3D gisa ezagutzen dugun zinema ikusmen estereoskopiko edo binokularrean oinarritzen da, hau da, gizakion begien funtzionamendua kopiatzen du. Bi begien artean gutxi gorabehera sei bat zentimetroko tartea dago, eta hala, begi bakoitzetik ikusten dugun irudia ezberdina da, angelu ezberdinetatik ikusten ditugu gauzak. Irudi horiek burmuinak batzen dituenean, distantzia eta sakontasuna hautemateko gai gara. Pantaila lauan efektu bera lortzeko baldintza bat bete behar da: bi irudi proiektatzen dira, ia berdinak bata bestearen ondoan, eta begi bakoitzak bi irudietako bana ikus dezala lortu behar da. Horretarako, begi bakoitzarentzat irudi bana iragazten duten lente bereziak erabiltzen dira. Hasiera batean lente anaglifikoak baliatzen ziren: lente gorria alde batean eta urdina edo berdea bestean. Gaur egun, ohikoena polarizatutako lenteak erabiltzea da.

Sentsazioa polita da. Noski, irudiak ikus ditzakeenarentzat. Izan ere, ikerketa ezberdinek erakutsi dutenez, hamar pertsonatik batek ezin ditu 3D irudiak ikusi. Begietan arazo txikiren bat duenak –begia kontrolatzen duten giharrak desorekatuta izatea adibidez– baliteke irudi estereoskopikoak hautemateko gaitasunik ez izatea. Miopia edo astigmatismoa bezalako gaitzak dituztenen kasuan ere, arazoak izan daitezke, baina ezin da orokortu; pertsonaren araberakoa izaten da. Zalantzak uxatzeko modurik onena: probatzea.