Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehen filmak

Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehen filmak James Franco, Louise Archambault, Guillaume Nicloux, José Luis Torres Leiva, Ina Weisse, Adilkhan Yerzhanov eta David Zonana dira argitara emandako izenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaldiko-sail-ofizialeko-lehen-filmak/@@download/image/Captura de pantalla 2019-08-05 a las 09.38.52.png
2019/08/05
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

James Franco, Louise Archambault, Guillaume Nicloux, José Luis Torres Leiva, Ina Weisse, Adilkhan Yerzhanov eta David Zonana dira argitara emandako izenak.
Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehen filmak

James Franco estatubatuarra berriz izango da Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, The Disaster Artist (2017) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi ondoren. Oraingoan Zeroville dakar, zinemaren munduan girotutako beste lan bat. Gainera, Donostia Zinemaldian inoiz lehiatu gabeko sei zinemagilek beren lanak erakutsiko dizkigute 67. edizioan: Louise Archambault, Guillaume Nicloux, José Luis Torres Leiva, Ina Weisse, Adilkhan Yerzhanov eta David Zonana.

Louise Archambault (Montreal, Kanada, 1970) Il pleuvait des oiseaux filmarekin lehiatuko da. Jocelyne Saucier idazlearen izen bereko eleberria harturik oinarri, patu gurutzatuei buruzko kontakizun horrek agerian utziko digu maitasunak ez duela adinik, eta bizitza ustekabean berritu daitekeela. Zinemagilearen hirugarren film luzea da; aurrez, Familia-k (2005) Kanadako lehen film onenaren saria irabazi zuen Torontoko zinema-jaialdian eta Locarnoko lehiaketa ofizialean parte hartu zuen, eta Gabrielle (2013) Publikoaren Sariaren irabazlea izan zen lehiaketa horretan, eta Kanadako hautagaia Oscar sarietan.

Zeroville, James Francok (Palo Alto, Estatu Batuak, 1978) berriz Donostiako lehiaketara ekarri duen filma, literatura-lan baten egokitzapena da, halaber; hain zuzen, Steve Ericksonen izen bereko eleberriarena. The Disaster Artist (2017) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi ondoren, 60ko hamarkadako Hollywood aldakorrean girotutako fikzio bat zuzendu eta protagonizatu du Francok. Antzeztaldean, Megan Fox, Seth Rogen, Will Ferrell, Jacki Weaver eta Dave Franco izan ditu lagun.

L'enlèvement de Michel Houellebecq (2014) filmean agertu zuen gogo urratzaileari eutsirik,Guillaume Niclouxek (Melun, Frantzia, 1966) berriz ere kameraren aurrean jarri du frantses idazle ezaguna. Thalasso filmean bere burua interpretatu du, eta Gérard Depardieu izan du antzezkide. Talasoterapia-zentro batean elkar ezagutuko dute, eta establezimenduko osasun-erregimen zorrotzean aurrera ateratzen saiatuko dira, baina hainbat gertakarik hankaz gora jarriko dute zentroko errutina.

José Luis Torres Leivak (Santiago, Txile, 1975) Cesare Paveseren olerki baten izena jarri dio Vendrá la muerte y tendrá tus ojos filmari. 2016an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko proiektuetako bat izandako lan horrek bi emakumeren arteko maitasun-harremanaren berri emango digu, haietako baten bizitzaren azken uneetan. Amparo Noguerak eta Julieta Figueroak antzeztu dituzte pertsonaiak. Aurrez ere zuzendariarekin lanean aritua da Figueroa; besteak beste, El cielo, la tierra y la lluvia (2008) eta Verano (2011) filmetan.

Dars Vorspiel filmaren protagonista Nina Hoss da (Phoenix, Barbara). Ina Weisse (Berlin, 1968) aktore eta zuzendariaren bigarren filma da, Der Architekt (2008) sari askodunarekin kamera atzean debuta egin ondoren. Aukera honetan, biolin-irakasle baten istorioa kontatuko digu; ikasle batekin obsesionatu eta, azkenean, bere familiari baino arreta handiagoa emango dio.

Adilkhan Yerzhanov (Zhezkazgan, Kazakhstan, 1982) zuzendariak Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu zituen The Owners (2014), Emanaldi Berezien esparruan, eta The Gentle Indifference of the World (2018), Un Certain Regard sailean estreinatua. Orain, Donostian lehiatuko da A Dark-Dark Man lanarekin. Kazakhstango herrixka batean hildako haur baten heriotza ikertzen ari diren polizia bat eta kazetari bat dira filmaren ardatzak.

Azkenik, zenbait film labur zuzendu ondoren, bere lehen film luzea ekarriko du David Zonanak (Mexiko Hiria, 1989): Mano de obra, Michel Franco zinemagileak ekoitzitakoa. Opera prima horretan, aktore profesionalak nahiz amateurrak bildu ditu antzeztaldean, laneko prekarietatea pairatzen duten eraikuntza-langile batzuen nora eza irudikatzeko.

Orain dela egun batzuk, Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango diren Espainiako hiru ekoizpenak jakinarazi zituzten: La trinchera infinita (Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga), Mientras dure la guerra (Alejandro Amenábar) eta La hija de un ladrón (Belén Funes). Orain, zazpi hauek gehitu dira sailean. Gainera, Diecisiete-k (Daniel Sánchez Arévalo) lehiaketaz kanpo parte hartuko du, eta La odisea de los giles-ek (Sebastián Borensztein) emanaldi berezia izango du. Hurrengo asteetan, 67. edizio honetan (irailaren 20tik 28ra) Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak jakinaraziko ditu Zinemaldiak.