Zinemaldiko kartela zurea izan daiteke!

Zinemaldiko kartela zurea izan daiteke! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaldiko-kartela-zurea-izan-daiteke/@@download/image/zinemaldia_kart_1391073606.jpg
2014/01/30
berria
Hirugarren urtez, martxan da Donostiako Zinemaldiko kartel lehiaketa. Sail Ofizialeko, Zuzendari Berriak saileko, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema sailetako irudiak aurkeztu ahal izango dira martxoaren 6ra bitarte, eta botoak emateko epea hilabete horren amaiera arte luzatuko da.


Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioa irailaren 19tik 27ra egingo dute, eta bertan proiektatuko diren filmak, banatuko diren sariak eta gonbidatuen zerrenda jakiteko oraindik hainbat hilabetez itxaron beharko dugun arren, jaialdiko kartela izango dena aukeratzeko online lehiaketa abian jarri dute jada antolatzaileek. Aurreko urteetan izandako arrakastak eta jaialdiaren hedapenean faktore garrantzitsu bilakatu izanak, ezinbesteko ekimen bilakatu dute lehiaketa.

Beraz, martxoaren 6ra bitarteko epea duzue lanak bidaltzeko. Edonork parte hartu ahal izango du, eta nahi adina kartel aurkezteko aukera izango da, sail bakarrera ala sail ezberdinetara. Hain zuzen ere, sei sailetako kartelak egongo dira lehian: Ofiziala, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema.

Kartel original eta bereziak badira, askoz hobe!

Sari potoloak!
Ondoren, martxoaren 28ra bitarte, herritarrek gustuko kartelen aldeko botoa emateko epea zabalduko dute lehiaketaren atari ofizialean, eta finalisten izenak apirilaren 2an jakinaraziko dituzte. Une horretan epaimahaia sartuko da jokoan, eta bera izango da sail bakoitzeko kartel irabazlea aukeratuko duena; apirilaren 9an Donostiako Zinemaldiak antolatuko duen prentsaurrekoan jakinaraziko dute behin-betiko erabakia.

Irabazleek, haien irudia nazioartera zabaltzeaz gain, diru-sariak ere jasoko dituzte: 3.000 euro Sail Ofizialeko kartelaren egileak, eta 1.000 euro gainerakoenek. Beraz, jarri martxan imajinazioa eta ez aukera galdu!