'Zinema Kanpoan' zikloa egingo dute Ipar Euskal Herrian

'Zinema Kanpoan' zikloa egingo dute Ipar Euskal Herrian Besteak beste, 'Akelarre' filma emango dute Maulen, Ainhoan, eta Ziburun. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinema-kanpoan-zikloa-egingo-dute-ipar-euskal-herrian/@@download/image/akelarre.jpg
2024/07/09
Besteak beste, 'Akelarre' filma emango dute Maulen, Ainhoan, eta Ziburun.
'Zinema Kanpoan' zikloa egingo dute Ipar Euskal Herrian

Euskal kultur erakundeak  "Zinema kanpoan" antolatu du, eta euskal filmak proiektatuko dituzte Ipar Euskal Herriko zenbait herritan, iluntzean. Ekimen honek euskal zinema kalera atera eta jendearengana hurbiltzea du helburu. Euskal zinema jalgi hadi plazetara! lelopean, kultura eta aisialdia uztartuko dira aire libreko saio hauetan. 

Joan den asteburuko Sarako emanaldiaren ondotik, Pablo Agüeroren Akelarre emango dute uztailaren 16an, Mauleko gazteluan. Euskal Herrian kokatua dago istorioa, 1609an. Ana basoko festa batean dago, herrixkako beste neska batzuekin. Rostegui epaileak, erregeak aginduta, eskualdea purifikatu behar du, eta neskak atxilotu eta sorginkeria leporatzen die. Zeremonia magiko horretan, ustez, deabruak bere zerbitzariak prestatu eta estaltzen ditu. Alex Brendemühl, Amaia Aberasturi, Daniel Fanego, Garazi Urkola, Yune Nogeiras eta Jone Laspiur dira filmeko aktoreak. 

Emanaldia iluntzean izango da, euskaraz, frantsesezko azpitituluekin. Gazteenentzat eszena batzuk gogorrak izan daitezkeela ohartarazi dute. Ainhoan ere erakutsiko dute filma, abuztuaren 10ean, eta Ziburun, abuztuaren 25ean.

Hurrengo egunean, hilaren 17an, Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste proiektatuko dute Ortzaizeko plazan. Patrizio Etxebeste, txapelak egiten dituen enpresaburu eta alkategaia, zeukan diru guztia xahutu duela konturatuko da. Horrexegatik, familiak ezingo du Marbellara oporretara joan urtero bezala. Herriko inor hortaz kontura ez dadin, itxurak mantendu beharko dituzte hilabete osoa etxean sartuta geldituz. Honek elkarrekiko harremanetan eragina izango du.  Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu eta Iban Garate dira filmeko aktore nagusiak.

Film laburren gaualdia egingo dute uztailaren 19an, Arrosako plazan. ETBko La Mirada Magica saioaren Iparraldeko Nafarroa atala, Frank Harrieten Begi erreak, Iban del Camporen Sorbeltza, Itziar Leemans-en Ximinoa, eta Oskar Alegriaren Galtzerdi Berdeak eta Erleketa.