Zinema hil ote da?

Zinema hil ote da? Martin Scorsese, Francis Ford Coppola eta Ridley Scott zinema garaikideko bi zuzendari handienetakoak dira, eta haserre daude egun zazpigarren arteak hartu duen bidearekin. Bi zuzendarien esanetan, zinemagintza desagertzeko bidean da; hala ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinema-hil-ote-da/@@download/image/Captura de pantalla 2019-10-21 a las 12.58.55.png
2019/10/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Martin Scorsese, Francis Ford Coppola eta Ridley Scott zinema garaikideko bi zuzendari handienetakoak dira, eta haserre daude egun zazpigarren arteak hartu duen bidearekin. Bi zuzendarien esanetan, zinemagintza desagertzeko bidean da; hala ote?
Zinema hil ote da?

Hiru zinema zuzendariek superheroien frankizien aurka hitz egin dute, Marvel eta DC etxeen makroekoizpenak zinema ez direla aldarrikatuz. Hain zuzen, Quartz webzinean Scorsesek honakoa adierazi zuen: "Zinema jada ez da existitzen. Haurtzaroan ezagutu nuen eta egun egiten jarraitzen dudan zinema, ez da existitzen". Esaldi horrekin, New Yorkeko zuzendariak azaldu zuen zinema komunitate esperientzia dela, baina ezin duela beti jolas-parke baten modukoa izan, eta egungo zinemagileek teknologiarekiko gehiegizko dependentzia dutela salatu zuen.

Ridley Scott harago joan da, superherien filmei eta film "txarrei" zinemaren gainbehera leporatuz: "Egungo zinema gehiena kalitate txarrekoa da". Hain zuzen, 2015ean ekoitzi ziren 10 film ikusienen artean soilik bi izan ziren jatorrizko istorioak (tartean, Scott-en The Martian); gainontzeko guztiak frankiziak izan ziren. 

Coppola ere ez dago pozik egun egiten den zinemaren industriarekin, eta Scorseseren kritikak babestu ditu: "Martin Scorsesek Marvel-en filmak ez direla zinema dionean arrazoi osoa du, zineman zerbait ikastea espero dugulako, gure adimena aberastu eta argitasun puntu bat, ala ezagutza edo inspirazio puntu bat oparituko digula. Ez dakit inork zer edo zer ikasi dezakeen film bera behin eta berriro ikusten duenean. Martin atseginegia izan da hori zinema ez dela dieraztean; nire ustez, arbuiagarria da".

IRAGANA BETI OTE HOBEA?

Zinemaren hiru erraldoi horientzat, urrezko garaiak hobeak izan ziren, eta egun, kulturaren gainbehera besterik ez dugu bizi. Arrazoia dute, hala nostalgia hutsa ote da? Egia da inoiz baino frankizia gehiago egiten direla eta zinema kartelak superheroien istorioz gainezka daudela urte guztian zehar; baina aldi berean, inoiz baino zinema gehiago ekoizten da, eta horrek ateak ireki die ibilbide gutxiago duten zuzendari berriei. 

Hain zuzen, James Gunn frankizia horietako zuzendarietako batek (Guardians Of The Galaxy, Suicide Squad) erraldoiei erantzun die esanez bere garaian aiton-amonek berdin pentsatzen zutela western-etaz, aspergarriak zirela eta ez zirela benetako zinema: "Egungo superheroiak garaiko gangster eta cowboy-ak dira. Eta orduan bezala, egungo superheroien filmetan denetik aurkitu daiteke, batzuk hobeak dira eta beste batzuk eskasagoak. Eta hori ondo dago".

Orokorrean, eskaintza izugarri zabaldu da, eta noski, dirutza maneiatzen duten film saga erraldoiak etengabe errepikatzen dira, arrakasta errazak diru erraza dakarrelako. Baina zinemaren munduak beste hainbat iraultza bizi ditu; emakume zuzendarien lana argia ikusten hasi da, beste herrialdetako zinema ez dugu sekula horren eskura izan, eta kultura zein herri gutxietxien istorioek garrantzia hartu dute. Aukera gehiago ditugu; kontua da, ea zer den ikusteko aukeratzen duguna. Eta zuek, zer diozue, zinema hil ote da?