Zinema-gauak Iruñeko auzoetan

Biba Iruña Bizirik! egitasmoaren baitako zinema emanaldiek aurrera jarraitzen dute eta datozen egunetan ikus-entzunezkoez gozatzeko aukera izango da hiriko hainbat gunetan. Sarrera librea izango dute emanaldiek eta proiekzioak 22:00etan izango dira.
Gaur The Extraordinary Journey of the Fakir (2018) komedia frantziarra emango dute Milagrosan. Mumbaiko iruzurgile bat da protagonista, amaren heriotzaren ostean, ezagutzen ez duen aitaren arrastoaren atzetik abiatuko dena. Aparteko bidaia izango du eta era guztietako abenturak biziko ditu.
Bihar, berriz, Abominable (2019) animaziozko film estatubatuarra eskainiko dute Arrotxapean. Shangain bizi den Yi nerabea da pertsonaia nagusia, laborategitik ihes egin duen yeti gazteari lagunduko diona, Everesteko bere familiarengana itzul dadin.
Datorren astean beste bost film eskainiko dituzte astelehenetik ostiralera.