Zinema eta musika lotzen dituen zikloa Gasteizen
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea musikariei lotutako dokumentalak eskaintzen ari da Kortxeak & Krispetak zikloaren barruan. Hiru dokumental dira guztira eta musika emanaldi batekin amaituko dute zikloa.
Ivan Castellek zuzendutako The Rise Of The Synths filmarekin abiatu dute aurtengo zikloa eta hurrengoa uztailaren 14an eskainiko dute, Danny Garciaren Stiv pelikula. Stiv Bators musikariaren bizitzaren errepaso sakona egiten du lan honek, “sexu, droga eta dezibelio bidezko rock ‘n’ roll bizimoduaren debozio itsuak markatutako punk rock amerikarraren estandartea dena". Bere idoloen (Alice Cooper, Iggy Pop, Jim Morrison) balentriak errepikatzeko grina zuen eta "irudi publiko basati eta autosuntsitzaileak nortasun samurra, ahula eta haur-izaera ezkutatzen zituen". Dokumentalak berarekin jo zutenen ahotsak biltzen ditu.
Hirugarren filma uztailaren 21ean emango dute, sare sozialetan erabiltzaileek aukeratutako Searching for Sugar Man. 60ko hamarkadaren amaieran, bi ekoizlek Sixto Rodriguez musikari misteriotsuarekin topo egin zuten Detroiteko taberna batean eta bere doinu hunkigarri eta letra profetikoekin liluratuta geratu ziren. Bi disko grabatu zituzten, artista bere belaunaldiko handienetakoa bihurtuko zela sinetsita. Hala ere, arrakasta ez zen inoiz iritsi, eta abeslaria desagertu egin zen; bere buruaz beste egin izanaren zurrumurruak zabaldu ziren orduan. Bien bitartean, diskoetako bat apartheidaren garaiko Hegoafrikara iritsi zen eta herrialde osoan zehar zabaldu zen grabazio piratetan; horrela, Rodriguez askatasunaren eta sistemaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zen. Handik denbora luzera, Hegoafrikako bi jarraitzaile Rodriguezekin zer gertatu zen jakin nahian ibili ziren, eta euren ikerketaren bidez aparteko istorio baten berri izan zuten.
Pelikulen proiekzioak Oihaneder etxeko Ortuño aretoan izango dira. Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, euskarazko azpitituluekin, Filmazpit-ekin izandako elkarlanari esker.
Duplaren kontzertua
Musika emanaldiarekin emango diote amaiera zikloari eta Dupla bikote aguraindarrak eskainiko du kontzertua uztailaren 30ean, 20:30ean. Falerina lorategian aurkeztuko dute Mundua geldi egitasmoa. Musika urbanoa egiten dute, hip hopa, elektronika eta popa nahastuta.

Gonbidapenak eskuratu
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira. Emanaldia baino astebete lehenago irekiko da aukera, eta hasi baino ordubete lehenago itxiko dute. Lagun bakoitzak bi gonbidapen bakarrik eska ditzake.
