Zinema, antzerkia, musika, dantza, moda, poesia eta bertsoa izango dira Bizkaiko MusEkintzaren bigarren edizioan

Zinema, antzerkia, musika, dantza, moda, poesia eta bertsoa izango dira Bizkaiko MusEkintzaren bigarren edizioan Irailaren 10ean hasiko da eta datorren urteko ekainera arte iraungo du Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinema-antzerkia-musika-dantza-moda-poesia-eta-bertsoa-izango-dira-bizkaiko-musekintzaren-bigarren-edizioan/@@download/image/musekintza dana.png
2022/09/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irailaren 10ean hasiko da eta datorren urteko ekainera arte iraungo du Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdiak.
Zinema, antzerkia, musika, dantza, moda, poesia eta bertsoa izango dira Bizkaiko MusEkintzaren bigarren edizioan

MusEkintza jaialdiaren bigarren edizioa eszenatoki berrietara zabalduko da eta disziplina artistiko gehiago eskainiko ditu; zinema, antzerki, ilustrazio, musika eta dantzaz gain, poesia, eskultura, moda eta bertsolaritzaren inguruko ikuskizunak eskainiko dira hamar hilabetetan zehar.

Guztira hamaika museo eta toki historikotan izango dira ekintzak 2023ko ekainera bitarte: La Encartada fabrika museoan (Balmaseda), El Pobal burdinolan (Muskiz), Txakolin Museoa-Txakolingunean (Bakio), Euskal Herria Museoan (Gernika), Arkeologi Museoan (Bilbo), Arrantzaleen Museoan (Bermeo), Muñatones gazteluan, Mariaren Bihotza plazako aztarnategian (Bilbo), Artelan Berreginen Museoan, Europa Parkean (Bilbo) eta Santimamiñen (Kortezubi).

Jaialdia irailaren 10ean hasiko da, Bilboko Arkeologi Museoan, A vueltas con Lorca obrarekin. Irailaren 24an, Ganso & Ciak Babo Royal ikuskizuna eskainiko du, Muskizeko Muñatones gazteluan. Urriaren 29an, Maitane Sarralderen Desªnuda dantza garaikide eta esekiko ikuskizuna izango da, Bilboko Europa Parkean, eta azaroaren 26an, Bilboko Arte Berreginen Museoa filmatzeko set bihurtuko da.

Urtarrilaren 28an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Bilboko Udal Txistularien Bandak joko du Elisabeth Perez ilustratzailearen irudi eta testuak jantziz. Otsailaren 25ean, Balmasedako La Encartada fabrika-museoan, Matxalen Bilbaok eta Natalia Garciak Serenity Suite dantza emanaldia egingo dute.

Adriana Bilbaok ÉCLATLa moda como símbolo de (R)evolución. La danza como medio de revelación lana aurkeztuko du Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian, martxoaren 18an. Apirilaren 29an, mikroantzerkia izango da Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean: Mikel Martínezen Tabernaria eta Luna Lunaren Repiqueteo.

ATX Teatroak BilakATXe eskainiko du Muskizeko El Pobal burdinolan, maiatzaren 27an. Eta, ekainaren 10ean, Garazi Etxaburu dantzariak Jose Pablo Arriagak sortutako tamaina handiko egurrezko eskultura bati emango dio bizitza Kandelak emanaldian, Euskal Herria Museoan.

Azken hitzordua ekainaren 24an izango da, Santimamiñen. Ez da kasualitatea bertsoen bat-bateko musika-emanaldia izango da eta bertsolariek gitarra, biolina eta saxoa oinarri hartuta inprobisatuko dute, gai-jartzaileak proposatutako gaietatik abiatuta. Emakumezko bertsolariak izango dira protagonista, eta, musikari eta bertsoei esker, umorea, jolasa, hausnarketa eta konplizitatea  sortuko dira. 

Ikuskizunetara joateko, aldez aurretik erreserba egin behar da dagokion museo edo espazioan. MusEkintzari buruzko informazio guztia hemen dago kontsultagai.