Zinema akademiaren sorrera aztertzeko batzarra egingo dute Bilbon
Berria egunkariak aurreratu duenez, Euskal Herriko zenbait aktorek, zuzendarik eta ekoizlek osatutako talde batek aspalditik du zinemaren akademia sortzeko ideia buruan, eta helburu hori gauzatzeko lehen mugarriak finkatzeko asmoz, batzar bat antolatu dute Bilbon, apirilaren 23an.
Talde eragileak batzarrean parte hartzeko gonbidapena luzatu die zinemaren eta ikus-entzunezko sektoreko ehunka profesionali. Sektorean dauden zenbait behar ikusita, haiei erantzuteko balioko lukeen akademiaren oinarria zirriborratu dute, eta orain ahalik eta kide gehienen ekarpena eta parte hartzea izatea nahiko lukete.
Elkartu, eta hausnarketa bateratua egitea da asmoa, "euskal zinemaren oraina eta etorkizuna sendotzeko lagungarri izan daitezkeen tresnen inguruan elkarrekin pentsatzeko". Lehen batzar horretan honako hau izango dute jomuga: "Komunitate profesional gisa elkar ezagutu eta aitortzea; esperientziak, kezkak eta erronkak elkarri kontatzea; sektoreko arloen arteko loturak sendotzea, eta datozen urteetan euskal zinemaren garapena nola lagundu pentsatzea".
Talde eragileak azaldu duenez, zinema akademiak Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartuko lituzke kontuan. Akademiaren egiteko nagusietako bat "euskararen erabilera eta gure zinemaren hizkuntza aberastasuna sustatzea" izango litzateke. Horretaz gain, beste hainbat zeregin ere aurreikusi dituzte: ikus-entzunezkoen sektorean ari diren profesionalen arteko topaketa bultzatzea; bikaintasun artistikoa eta teknikoa aitortzea; sorkuntza, ekoizpena, hedapena eta nazioarteko proiekzioa babestea; etengabeko prestakuntza eta ezagutzaren trukea sustatzea; memoria, historia eta ondare zinematografikoa zaintzea; belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatzea; aniztasuna, berdintasuna, berrikuntza eta ikus-entzunezko sorkuntza modu berriak babestea; eta sektoreko lanbide guztiekiko errespetua sustatzea.
Ildo hauek guztiak eztabaidagai izango dituzte apirilaren 23an egingo duten batzarrean.
