'Zinema airean' zikloa egingo dute Gasteizen

'Zinema airean' zikloa egingo dute Gasteizen Ostiralean abiatuko da zikloa 'Baby' filmarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinema-airean-zikloa-egingo-dute-gasteizen/@@download/image/baby-230457925-large-1068x712.jpg
2022/08/09

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ostiralean abiatuko da zikloa 'Baby' filmarekin.
'Zinema airean' zikloa egingo dute Gasteizen

Aire libreko zinema saioez gozatzeko aukera izango dute Gasteizen. Ostiralean izango dute lehen hitzordua eta Juanma Bajo Ulloa gasteiztarraren Baby proiektatuko dute Armentiako zelaietan, 21:30ean. Haurdun dagoen drogazale gazte baten istorioa du ardatz filmak. Krisialdi baten erdian erdituko da eta, umeaz arduratu ezinik, emagin bati salduko dio. Damutu egingo da, ordea, eta neska gaztea bere haurra berreskuratzen saiatuko da.

Hurrengo ostiralean, hilak 19, David Perez Sañudok zuzendutako Ane filma emango dute Iparraldeko parkean. Ane, segurtasun zaintzaileetako baten alaba, duela bi egun desagertu da, eta gurasoak, bananduta eta komunikazio arazoekin, urduri eta kezkatuta dabiltza haren bila. Lide eta Ane ama-alaben arteko harremana du ardatz filmak. 

Hilaren 26an, aldiz, Barry Levinsonek zuzendutako Young Sherlock Holmes eskainiko dute Santa Maria Katedraleko plazan. Hilketa arraro eta izugarrien uholde batek Londres geldiaraziko du, eta Sherlock Holmes gaztea eta Watson bere lagun berria, ia ohartu gabe, trama ilun batean barneratuko dira. Hurrengo egunean, toki berean, Santiago Seguraren A todo tren. Destino Asturias  ikusi ahal izango da. Ricardok bere semea Asturiasko kanpamentu batera eramatea erabakitzean, beste guraso batzuek bere seme-alabak ere eramatea proposatuko diote. Hala ere, ez dute uste Felipek, bi haurren aitonak, tipo bitxi eta arduragabe batek, lagunduko dienik. Trena Ricardo eta Felipe gabe abiatzen denean trena harrapatzeko saiakeran hasiko dira biak, eta umeen bidaia zoroa hasiko da.

Irailean ere egingo dituzte saioak. Hilaren lehen egunean Korterraza Txiki ataleko haurrentzako film laburrak eskainiko dituzte Zumaia Plazan, 19:30ean. Jarraian, ipuin kontalariaren txanda izango da. Irailaren 3an, berriz, Michele Laroqueren Chacun chez soi emango dute Santa Maria Katedraleko plazan, 21:15ean. Catherine eta Yann senar-emazte zoriontsuak dira. Urteak daramatzate ezkonduta, baina, gizonak bere negozioa saldu zuenetik Yann bonsaientzat bizi da eta Catherine ez du aintzat hartzen. Yann adin ertaineko krisi batean murgilduta dago. Catherin seme-alabek habia berriro utz dezaten saiatuko da, bere bizitzaren agintea berreskuratzeko.