Zinegoak jaialdiaren kartela denbora batez zentsuratu du Facebookek

Zinegoak jaialdiaren kartela denbora batez zentsuratu du Facebookek Bi emakume biluziren irudia aukeratu dute aurtengo ediziorako, elkar besarkatuta; sare sozialak atzera bota du debekua azkenik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinegoak-jaialdiaren-kartela-denbora-batez-zentsuratu-du-facebookek/@@download/image/WEB_CARTEL_ZG2020_BAJA-727x1024.jpg
2020/01/08
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

 

Bi emakume biluziren irudia aukeratu dute aurtengo ediziorako, elkar besarkatuta; sare sozialak atzera bota du debekua azkenik.
Zinegoak jaialdiaren kartela denbora batez zentsuratu du Facebookek

Zinegoak jaialdiaren 17. edizioko kartelaren protagonista bi emakumeren arteko maitasun istorioa da. Emakume bat cis da, eta bestea trans. Irudiaren egilea Mar Saez argazkilaria da, eta argazkia “Vera y Victoria” proiektuaren parte da.

Zinegoak Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia hasteko aste gutxi falta direnean, antolakuntzak ezagutzera eman du bere 17. edizioaren kartela. Facebookera irudia igotzean, sare sozialak zentsuratu egin du; antolatzaileen esanetan, zentsura bi emakume biluzik eta elkar besarkatuta agertzeagatik jasan dute. Azkenik, Facebookek atzera bota du irudia partekatzeko debekua.

Aurten Zinegoak jaialdiak arreta jarri nahi izan du sexu-aniztasunak gizabanako gisa ematen dituen aukeren aniztasunean. Emakume cis lesbianak, gizon trans heterosexualak, pertsona bisexualen arteko bikoteak… Izan ere, sexu-aniztasunari heltzean, pertsonen orientazioan bakarrik geratzea errealitatea mugatzea da. Izateko, adierazteko, sentitzeko edo maitatzeko modu asko dago, ñabardura asko daude.

Pau Guillen jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, “aurten erakutsi nahi genuen sexu-aniztasunaz berba egiten dugunean pertsonen sexu-orientazioaz baino gauza gehiagoz ari garela. Genero-identitateaz edo genero-adierazpenaz ere berba egin nahi dugu, besteak beste. Elementu horien konbinazioek hamaika aukera sortzen dituzte”. Aurtengo kartelak ildo horrekin bat egiten duela azpimarratu du Guillenek: “Mar Saezen lanak oso modu baikor eta zuzena eskaintzen digu gai horiei guztiei kalitate estetiko eta artistiko handiko irudiaren bidez heldu ahal izateko”.

Aurtengo kartelak ideia hori nabarmendu nahi du. Lehen begiratu batean, irudia emakume lesbianen bikote baten irudikapena da, baina horrek protagonisten sexu-orientazioaz baino ez liguke hitz egingo. Beste ezaugarri batzuetan sakontzen dugunean, hala nola, sexu-identitatean, konturatuko gara irudiaren protagonistak emakume trans bat eta emakume cis bat direla.

“Askotan galdetzen digute ea beharrezkoak diren horrenbeste etiketa. Gure ideia justu kontrakoa da, denak ezabatzea, baina beharrezkoa egiten jarraitzen duten bitartean, identifikatu ahal izateko eta gizarte osoak izan, maitatu edo adierazteko ditugun modu desberdinak ikusarazi ahal izateko, uste dugu pertsona guztientzat sortu behar direla” erantsi du Guillenek.

Zinegoak otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean egingo da, baina aurreko egunetan, ohi bezala, beste elkarte, kolektibo eta erakunde batzuekin batera hainbat jarduera egingo dira “3,2,1 … Zinegoak!” Atalaren barruan.