Zinegoak jaialdiak lesbianismoa eta sexu-aniztasuna ditu ardatz aurtengo ediziorako irudian

Zinegoak jaialdiak lesbianismoa eta sexu-aniztasuna ditu ardatz aurtengo ediziorako irudian Otsailaren 28tik martxoaren 7ra izango da 19.edizioa, eta Alaitz Arenzana artista bilbotarrak hartuko du zuzendaritza artistikoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinegoak-jaialdiak-lesbianismoa-eta-sexu-aniztasuna-ditu-ardatz-aurtengo-ediziorako-irudian/@@download/image/Zinegoak-_4313LOW-1024x683.jpg
2022/01/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Otsailaren 28tik martxoaren 7ra izango da 19.edizioa, eta Alaitz Arenzana artista bilbotarrak hartuko du zuzendaritza artistikoa.
Zinegoak jaialdiak lesbianismoa eta sexu-aniztasuna ditu ardatz aurtengo ediziorako irudian

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiak sexu eta genero aniztasuna Bilboko hainbat kultur gunetara eramango du otsailaren 28tik martxoaren 7ra. 19.edizioko irudia lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei erreferentzia egiten dieten hainbat kartelek osatuko dute, eta “Marioker”, “Lumatza”, “Soropila”, “Kapaza” edo “Kuir” hitzak izango dituzte. Kartelek "gure burua nahi dugun moduan izendatzeko eskubidea" aldarrikatuko dute, "inposatutako etiketarik gabe, izanak egiten baitu izena”. Lander Telletxeak diseinatu ditu kartelak, jaialdiarekin lotura estua duen diseinatzaileak, Zinegoak-en katalogoaren eta irudiaren azken edizioetako egilea baita. 

Aipatutako kontzeptu horiek June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako eta Zinegoak-ek bultzatutako Nola izan/esan bollera euskaraz proiektuan bildu dira. Proiektu horretan Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin dute, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek, eta Ainara Artetxek parte hartu dute. Euskal Herriko hainbat eremutan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzak agertzen dira hiztegian. Beste hitz batzuk, aldiz, hitz-jokoen bidez sortu dira, "beharra dugulako gure buruak berriro izendatzeko, erakusteko, identifikatzeko eta munduan gure lekua egiteko". 

Bestelako berrikuntzarik ere izango da jaialdian, Alaitz Arenzana artista bilbotarra, jaialdiaren azken hiru edizioetan zuzendaritza taldean aritu dena, izango baita zuzendari artistikoa hemendik aurrera, Pau Guillenen lekukoa jasota. Zinegoak-en zuzendaritzan dagoen lehenengo emakumea izango da, eta ilusioz hartu du erronka: “Jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan jarraituko dut, behar-beharrezkoa delako sexu, identitate eta genero aniztasunaren alde lanean jarraitzea”. Arenzana ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da, eta eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen koordinazioan. 

Jaialdiak azken edizioan 18.000 bisitari baino gehiago izan zituen, eta antolatzaileen hitzetan, "urtez urte gero eta nabariagoa da Zinegoak-en hazkundea". Egoera honetan, jaialdiak bere helburuak berrikusi nahi ditu epe ertain eta luzera, erronka berrietara egokituz.