Zinegoak jaialdiak 50 ekintzarekin ospatuko du hogeigarren urteurrena
Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainaren 23tik uztailaren 3ra izango da eta film proiekzioak, solasaldiak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak izango dira, jai eta aldarrikapen giroan. Hogeigarren edizio honetan “identitate aldakorretan" jarri dute arreta, "generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela ulertuta”.
Film luzeen sail ofizialean, hamasei film lehiatuko dira jaialdiko hiru sailetan. Gai hauek jorratuko dira lanetan: esnatze sexuala, norberak bere burua ezagutzea, gure gorputzekiko gozamena, memorien artxiboa, zapalkuntzaren egitura hegemonikoak ezabatzeko borroka eta beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa. Film horietako zinemagile eta protagonistekin aurrez aurreko solasaldiak ere izango dira.
Sail ofizialean hogeita bost film labur izango dira, Haurtzaroa eta nerabezaroa eta Emakume zuzendariak zikloez gain, bi ziklo berri sortu dituzte. Alde batetik, Lotura primarioak; bertan, gure gurasoekin eta tutoreekin izaten ditugun lotura primarioen istoriak kontatuko dira. Bestetik, TBIQ+, LGTBIQ+ kolektiboaren barruan hain ikusgarriak ez diren errealitateen istorioen lagina. Bestetik, lehiaketa ofizialetik kanpo, Euskal Herrian ekoitzitako hainbat film erakutsiko dira Erroak zikloan.
Jaialdia ekainaren 26an hasiko da ofizialki, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio galarekin. Ekitaldia Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute.Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiak izango dira eta Angeles Cruz zuzendari oaxakarrak Zinegoak 2023 Ohorezko Saria jasoko du. Aldez aurretik, asteburu honetan, 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdia egingo dute.
Proiekzioetatik harago
Zinegoakek hainbat jarduera osagarri ere antolatuko ditu ekaineko azken astean. La Fundición aretoan Gilkitxaro konpainiaren Identitarteak antzezlana taularatuko dute eta Pabellón 6 espazioan Esaiozu X antzezlana izango da.
BilbaoArten, berriz, Izaskun Arandiak zuzendutako My Way Out dokumentalaren aurkezpena egingo da eta Ángeles Cruzen atzera begirako bat, Nudo Mixtecoren proiekzioarekin.
Hainbat festa eta kontzertu ere izango dira; Chocolate Remix reggaetoi feminista; Paula Trama eta Barbi Recanatiren kontzertua Cabareten; eta 20. urteurreneko jaia Badulaken.
Zinegoakeko atal profesionala ere gauzatuko da Azkuna Zentroan. Besteak beste, estetika ez-bitarrari buruzko mahai-inguru bat egingo da, gorputzeko praktikei eta irudikapenei buruzko masterclassa, eta Work In Progress proiektuak aurkeztuko dira.
Sari banaketa eta filmak sarean
Jaialdiaren amaiera ekitaldia uztailaren 3an egingo da Bilborocken, eta bertan XX. edizioaren palmaresa ezagutaraziko da. Ondoren, Filmin plataforman sail ofizialeko hainbat film ikusi ahal izango dira.
