Zinebi Networking-erako dokumental film luzeen proiektuak aurkezteko epea ireki dute
Zinebi Networking-en bosgarren deialdia abiarazi du Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Sorgunerako foro honen bidez, dokumental zinemaren produkzioa sustatu nahi da, eta aurtengoan Zinebi jaialdiaren 64. edizioaren barruan egingo da, azaroaren 14tik 18ra.
Irailaren 29ra arte aurkez daitezke dokumental film luzeen proiektuak, eta izena esteka honetan eman behar da. Proiektuek nahiko aurreratuta egon behar dute, edo dagoeneko produzitzen. Profesionalek eta adituek osatutako hautaketa-batzordeak, jaialdiko zuzendaritzarekin batera, aukeratuko ditu Foroan parte hartuko duten proiektuak. Hautatutako proiektuek tutoretza-saio batzuetan parte hartuko dute, jendaurrean aurkeztu aurretik. Ondoren, aholkularitzarako aurrez aurreko bilerak egingo dituzte ekoizleek eta parte hartzaileek.

Aurten, lehen aldiz, 10.000 euroko bi sari banatuko dituzte Arriagan izango den jaialdiaren amaierako galan, azaroaren 18an. Batetik, 'Zinebi Networking: Dokumentalen sorgunea' izeneko saria izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko proiekturik onenarentzat, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo produzitutako proiekturik onenarentzat saria.
Iaz, Txintxua Films gipuzkoar konpainiak ekoiztu eta Maria Elorzak zuzendutako A los libros y a las mujeres canto lana izan zen irabazlea. 2020an, Amaia Remirezen Bayo Bayo Baby proiektua izan zen garaile; 2019an, Amaia Nerekanek zuzendutako Bost minutu film luzea, eta 2018an, berriz, Juan Palaciosen Meseta izan zen proiektu irabazlea.

