Zinebi jaialdia emakumeen lanari ikusgarritasuna emanez
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bihar emango dio hasiera 63. edizioari, Arriaga Antzokian 19:30etik aurrera egingo den inaugurazio-galarekin, eta azaroaren 19ra arte iraungo du. 41 herrialdetako 123 filmek hartuko dute parte jaialdian, eta aurkeztutako filmen erdiak baino gehiago Estatuan estreinaldiak izango dira, eta programaturiko filmen erdiak baino gehiago emakumeek zuzendu dituzte.
Zinebi-ren proiekzioak bi atal ezberdinetan banatzen dituzte: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Lehenengoan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa sartzen dira, errealizadore berrien film luzeei eskainitakoa. Bigarrenean, berriz, Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panorama, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen duen sail ez-lehiakorra; Bertoko begiradak atala, film laburrez eta luzeez osatua, euskal ikus-entzunezkoen industriako produktoreen, zinemagileen eta profesionalen lana aintzatesteko; eta bestelako saio bereziak.
Nazioarteko lehiaketan 29 herrialdetako 55 film izango dira, 31 gizonek eta 35 emakumek zuzenduak. Horietako zazpi bertako zinemagileek sortu dituzte: Mel Arranzen Azaletik Azalera animazioa, Aitor Gametxoren Berak baleki fikzioa, Maider Oleagaren Kinka fikzioa, Txuspo Poyoren Love Needs Time to Kill dokumentala, Aitor Oñedarraren Ur azpian lore animazioa, David Perez Sañudoren Vatios fikzioa, eta Raquel Calvo Larralde eta Elena Molina Merinoren Yungay 7020 dokumentala. Obra hauek bihar ikus ahal izango dira inaugurazio galaren amaieran. Bertako beste zinemagile batzuen lanak ere proiektatuko dituzte beste sailetan, hala nola Amaia Nerekanen Bost minutu dokumentala, Itziar Leemand zuzendari lapurtarraren bigarren film luzea den Boca Ciega, David Fernandez Grañaren A School For All Of Us dokumentala, eta Aitor Merino zuzendariaren bigarren filma den Fantasia.

Itxitik proiektuaz ere gozatu ahal izango da, 2020an Zineuskadik COVID-19ak behartutako konfinamenduaren gaia jorratzeko abiarazitako deialdiaren ondorioz filmatutako film labur sorta. Honen bidez, zortzi zinemagileri film laburrak filmatzeko aukera eman zitzaien: Iban del Campo, Borja Crespo, Imanol Lopez de Segura, Kevin Iglesias, Pedro Rivero, Maider Oleaga, David Perez Sañudo eta Mikel Rueda.
Bestetik, Ohorezko Mikeldi sariekin, nazioarteko zinema garaikidearen izen garrantzitsuenetako batzuen ibilbidea eta dimentsio artistikoa aitortuko ditu aurten ere. Margarethe von Trottari eta Imanol Uriberi emango diete saria, "Europako eta Euskal Herriko zinemako ezinbesteko bi pertsonari". Aktore, gidoilari eta zuzendari alemaniarraren kasuan, bere zinemaren "sendotasuna eta zintzotasuna" nabarmendu dute, "Alemaniako Zinema Berriaren emakumezko ahots handi gisa izan zuen bikaintasuna eta bere lanean 68ko Iraultzaren ondorengo Europako gizartean emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa islatzen jakin izana, Zinemaren Historiako zinemagile feministarik eragingarrienetako bat bihurtu arte".

Aurrez aurre eta online
Bilboko zuzeneko emanaldiez gain, film luze eta laburrak ere online egongo dira ikusgai Filmin plataformaren bidez. Plataforman eskuragarri egongo diren titulu guztiak, aurrez aurreko emanaldietan bezala, euskarara azpidatzita egongo dira. Jaialdiaren egitarau osoa webgunean dago zintzilikatua eta bertatik eros daitezke sarrerak.

