Zinean trans haurren erreferentziak sortzea helburu duen ZiNaizen ikus-entzunezko lehiaketa sortu dute
Naizen eta Zinegoak elkarteek ZiNaizen ikus-entzunezko edukien lehiaketaren lehen edizioa jarri dute martxan. Bi erakundeek nabarmendu dutenez, ZiNaizenek "trans haurtzaroei buruzko erreferentzia gehiago" sortu nahi ditu: “Ikuspegi berri positiboak, anitzagoak eta jatorri ezberdinetakoak. Formatua ere askotarikoa izan daiteke, aretoan, ordenagailuetan zein gailu mugikorretan ikusiak izateko, hori baita gazteenek ikus-entzunezkoetara jotzeko duten gune nagusia”.
“Trans ahotsak entzun nahi ditugu eta mundua haien begietatik ikusi. ZiNaizen programarekin, zinemaren bidez hausnarketa, elkarrizketa eta adierazpena uztartuko dituen espazio bat sortu nahi dugu. Trans haurtzaroekiko errespetua eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditugu. Gainera, sormena eta talentua bultzatu nahi ditugu, gai horiei modu zirraragarri eta originalean heltzera animatuz”, azaldu dute.
Ikus-entzunezko lanek ezingo dute hiru minutu baino gehiago iraun, eta euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke, bideoblog, mikrodokumental, fikzio edo animazio formatuetan.
Lehiaketan aurkeztuko diren obretan landu daitezkeen gaiak honako hauek izan daitezke, besteak beste: trans pertsonek haurtzaroan eta nerabezaroan izan dituzten esperientziak, familia, eskola, osasuna, harremanak edota aisialdian; zerbitzuak eta baliabideak (mediku arreta, hezkuntza edo kirola) eskuratzeko dituzten oztopoak; benetako nortasuna islatzen duten legezko agiriak lortzeko zailtasunak; berdintasunaren eta justiziaren aldeko borroka, eta abar.
Lanak aurkezteko epea 2025eko apirilera arte egongo da zabalik. Saria 1.000 eurokoa da eta irabazlea Zinegoak jaialdiaren 2025eko itxiera ekitaldian proiektatuko da.
