Zilarrezko antzokia

Zilarrezko antzokia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zilarrezko-antzokia/@@download/image/47p38-1.jpg
2004/12/03
erreportajea
Zilarrezko antzokia
Hilaren 4tik 8ra ez da girorik faltako Durangoko kaleetan eta tabernetan. Aurten, baina, parranda egiteko eta kulturaz gozatzeko aparteko lekua izango da aukeran: Plateruena Kafe Antzokia. 

Urriaren 26an zabaldu zuten Plateruena, Durangoko kafe antzokia, Berbaro euskaltzaleen elkartearen ekimenez. "Horrelako gune baten beharra ikusi genuen, eta lanean hasi ginen. Gure helburua, Durangaldeko euskalgintzarentzat erreferentzia izatea da. Herritar guztiei zabalik egongo den kultur egitaraua antolatzeko asmoa dugu, eta kultur adierazpide guztien topagunea izan nahi dugu", esan digu Asier Iturriagak, antzokiko programazio buruak.

Eraikina Ibaizabal plazan dago, Durangoko Azokako egoitza berritik 200 metro eskasera, eta 1.000 metro karratu ditu, hiru solairutan banatuta. Sotoetan, kamerinoak eta biltegia ipini dituzte; eta beheko solairuan, agertokia, barra handi bat, musika ipintzeko gunea, dantzalekua eta jatetxea… Denetarik du Plateruena antzokiak. Zergatik ez? Euskara, kultura, aisia eta olgeta uztartu nahi baitituzte bertan. Garai batean Landa izeneko hiltegia izandako eraikinean zabaldu dute antzokia. Bistan da, eraikinaren erabilera aldatu egin dela: garai batean baino bizitza handiagoa dago bertan.

Izenak ere badu bere xarma: Plateruena. XVIII. mendean Durangon bizitako bi anaia zilarginen —Juan Cruz eta Antonio de la Fuente— omenez baitaiatu dute horrela. Ama gasteiztarra zuten, eta aita Burgoskoa. Euskara ez zen euren ama hizkuntza, baina euskaraz hitz egiten ikasi zuten. Gainera, oso kulturzaleak ziren: dantzariak, bertsolariak… Eta parrandazale sutsuak, jakina.

Kontzertuak barra-barra



Durangoko Azokari begira, egitarau biribila osatu dute Plateruenako kideek. Hona hemen kontzertuen zerrenda. Emanaldi guztiak 22.00etan izango dira.

· Abenduak 3: Betagarri
· Abenduak 4: Txuma Murugarren eta Kokein
· Abenduak 5: Karidadeko Benta
· Abenduak 6: Keike eta Kauta
· Abenduak 7: Splitt 77
· Abenduak 8: Xabi Sansebastian