Zigor Urkiaga: “Berba egiten hasteko ez da su etenik behar”

Zigor Urkiaga: “Berba egiten hasteko ez da su etenik behar” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zigor-urkiaga-berba-egiten-hasteko-ez-da-su-etenik-behar/@@download/image/19p32-1_1369940273.jpg
2002/05/03
elkarrizketa
Unai Brea
Sopeloztarra, 26 urte, abokatua. Zigor Urkiaga duela hamar hilabete itzuli zen Euskal Herrira, Londresen eta Madrilen denboraldi luzeak egin ostean. Gaur egun Bilbon bizi da, eta EGIko Aberri Kontseiluko kidea da. 

Zein da Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren konponbidea?
Duela lau urte egin genuena, guztiok ados jartzea: Ezker Abertzalea, Ezker Batua, sindikatuak, EA, EAJ… Hori lortu bazen, berriro lor liteke orain. Aurrerapausoa izan zen hura, baina bai Espainiako Gobernuak, bai ETAk gaitzetsi egin zuten.

Hura berriro gertatzeko, zer oztopo gainditu beharko litzateke?

Gaur egungo diskurtsoak. Hura gertatu eta gero, EAJk kanpaina latza jasan zuen, komunikabide guztiek Mayor Orejarekin bat egiten zutela zirudien. Eta zer zioten? "Ezker Abertzalearen eskutik zoazte". Nik diot bihar bertan joango nintzatekeela, baina ez haren eskutik, neuk emango nioke eskua, Ezker Abertzaleari eta beste edozeini. Alderdi politikorik handiena garenez, geuk luzatu behar diegu eskua besteei.

Gatazka politikoa gainditzeko aurrerapausoak eman daitezke indarkeria dagoen bitartean?

Galdera bada ea su etenik egon behar den berba egiten hasteko, ez: berba etengabe egin behar da. Askoz hobea da egoera baketsuan egitea, baina, denok
jesartzeko, ez dugu zertan aurreoztoporik jarri.

Zein ondorio ekarriko luke ETAren su eten batek?

Itzelezkoa. Lizarran gertatutakoaz ikasi behar dugu: Espainiako alderdiak ikaratu egin ziren. Herri honetan abertzaleak gehiengoa gara, baina orain batu ezinik gabiltza. Su etenarekin, mahai baten inguruan jartzeko abagunea izango genuke, guztiok. Nork esango digu guri egoera baketsu batean abertzale guztion borondatearen aurka inolako printzipio demokratikorik egon daitekeela?

Hala ere, lehen aipatu duzu aurreko su etenean eraso handia jasan zenutela…

Abertzaleok bateratzeko borondatea genuela ikusi zutelako. ETA dagoen bitartean, abertzaleok ez gara sekula batuko. Gogorra da esatea, baina askori ETA existitzeak errentagarritasuna ematen die; guri ez, guk bakean aberria eraiki nahi dugu.

Gatazkaren ondoriorik latzenak PP, PSOE eta Ezker Abertzalekoek jasaten omen dituzte: atentatuak, kartzeleratzeak… Zuei eta EAkoei, berriz, eroso egotea leporatzen zaizue…

Eta zer? Odol jarioa beharrezkoa da gure zilegitasuna onartzeko? Gu gazte erakunderik zaharrena eta handiena gara. Triste izango litzateke herri honetan berba egin ahal izateko lagun bat hilda ikusi behar izatea. Hilda, legez kanpo, kartzeleratuta edo torturatuta, berdin dit. Sufrimenduak ez du zilegitasunik ematen. Eta hori da azken urtean euskal politikan egindako akatsik handiena. Batzuk odola saltzen saiatu dira, eta salmenta horretan edozein gauzak balio izan du; eurek jakingo dute zer prezio ordaindu zuten maiatzeko hauteskundeetan, batzuek eta besteek.

EAJk eta Ibarretxe lehendakariak berak herri galdeketa baten aukeraz berba egin dute behin baino gehiagotan. Eusko Jaurlaritzak, ordea, hiru herrialdetan baino ezingo luke egin hori…

Aberria eraikitzeko aurrerapusoa bada, egin dadila. Zazpi lurraldeek batera bozkatzeko abagunea iritsi arte itxaron behar dugu? Hori, agian, ez da inoiz gertatuko. Ditugun tresna horiek erabiltzen saiatu behar dugu. EAEn Ibarretxe da lehendakaria eta berak deialdia egiten badu, guk, euskaldun lez eta nahiz eta bananduta egon, geure iritzia emateko eskubidea dugu.

Eta zein da balizko galdeketa horretan egin beharreko galdera?

Neure ikuspuntutik, eta orain ez naiz erakunde baten izenean ari, hauxe galdetu beharko litzateke: "Duzun marko juridiko politikoarekin ados zaude, edo haren gainetik beste pauso bat emateko prest zaude?".

Hala ere, dirudienez, zaila da halakorik egitea, eta are zailagoa emaitzak onartzea…

Aberri bat eraikitzea ez da gauza erraza. Espainiar Estatuan dagoen botere banaketa ikusita, agian guztiok kartzelan amaituko dugu. Legez kanpo utziko gaituzte, beharbada denok Iparraldean amaituko dugu… baina neuri, abertzale lez, berdin dit. Nire aberri bakarra Euskadi da, eta aberria eraikitzeko eman beharreko pauso guztiak emateko prest nago.