Amaitu gabe utzitako ekintzak sarri askotan gogoan geratzen zaizkigu, izan erantzun gabeko email bat, elkarrizketa bat edota lan bat. Psikologiarren alorrean bukatu gabekoa oroimenean erraztasun handiagoz gogoratzeko eta geure gogoan irauteko joerari "Zeigarnik efektua" deitzen zaio. Mesederako izan daiteke, zereginei heltzeko, helburuak antolatzeko eta ikasketa jarraitzeko lagungarria izan baitaiteke. Batzuetan atsedena galarazi eta antsietatea eragiteko arrazoia ere izan daiteke ordea.
XX. mende hasiera aldera, Bluma Zeigarnik psikologoa Kurt Lewin psikologoarekin lanean ari zela, Lewinek ohartarazi zion oso gauza bitxia ikusi zuela: zerbitzariek hobeto gogoratzen omen zituzten zerbitzatu edo ordaindu gabeko mahaien eskaerak, ordurako eginda zeudenak baino. Hortaz, itxura denez, zerbitzarien memoriak amaitu gabeko eskaeren inguruko informazioa gogoratzeari ematen zion lehentasuna. Amaitutako eskaerei buruzko oroitzapenak errazago galtzen ziren burmuinean.
Zeigarnikek amaitu gabeko proiektuak besteak baino hobeto gogoratzen ote diren frogatu nahi izan zuen esperimentuen bidez. 1927an egindako ikerketan, zenbait boluntariok 20 ariketa egin behar izan zituzten, tartean matematikarekin eta esku-lanekin zerikusia zutenak. Kontua ez zen, ordea, zer moduz aritzen ziren ariketa horietan, baizik eta jardun horiek etetea. Hortaz, puntu jakinera iristerakoan, parte-hartzaileak geldiarazi egin zituen. Orduan berretsi zuen erdizka utzitako proben inguruko datuak hobeto gogoratzen zituztela, haiek gauzatzeko egin beharrekoa mota batekoa ala bestekoa izan.
Hortaz, etendako jarduera irekita geratzen da nolabait gure garunean, hara itzultzeko ohartarazpena balitz bezala. Bukatzeke duguna errematatzeko mekanismo aproposa izan liteke, idazten hasitakoa jarraitzeko aitzakia. Joera hau iragarkietan zein fikzioan ere aprobetxatzen dute. Amaiera irekiek edo cliffhangerrek ikuslearen arreta bereganatzen dute, intriga sortzea baita ikusten jarraitu nahi izateko gakoa. Amaitu gabeko istorioak gogoan ditugu, eta erraz pentsatzen dugu haiengan edozein testuingurutan gaudela ere. Horrek, gainera, eztabaida foroak, zaleen teoriak eta gainerakoak sorrazten dituzte
Kontuan izan behar da, ordea, gogoan iraunkortasunez izateak karga moduko bat ere eragin lezakeela kasu batzuetan. Loa galarazi dezake, arreta desbideratu, estresa edota antsietatea sentiarazi, eta erru sentimendua edo nekea sortu. Halakoetan, egiteke duguna planifikatzea gomendagarria izaten da, pauso jakinak zehaztea. Zenbait adituren iritziz, lo egin aurretik egitekoen zerrenda idazteak garuna erlaxatzen lagun dezake. Bestetik, zereginak aldi berean egin ordez, bata bestearen atzetik egitea ere mesedegarria izan daiteke, egiteko falta denak buruan espaziorik ez okupatzeko eta arreta bideratzen laguntzeko. Egunerokoan behar baino gehiago eraginez gero, berriz, hobe profesional batengana jotzea.