Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu ditu Elhuyarrek
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten On Zientzia bideo-lehiaketak. Aurten 93 lan jaso dituzte, inoiz baino gehiago, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon dela nabarmendu dute antolatzaileek. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak aurkeztu dira lehiaketara; izan ere, lan gehienak Euskal Herrikoak badira ere, hainbat bideo jaso dituzte atzerritik, hala nola Kolonbiatik, Mexikotik edota Argentinatik.
Dibulgazio bideo onenaren saria, 3.000 eurokoa, Alain Sorazu, Alfredo Rodriguez, Kimberlyn Fonseca Perez eta Morgane Goyensek osatzen duten Lanius Animatics ilustrazio zientifikoko taldeak irabazi du, Argiztapen artifizial… naturala? bideoarengatik. Epaimahaiak nabarmendu du “teknika ezberdinak oso ongi integratzen dituen animazio lan bikaina dela, eta egungo ikerketa baten berri modu argian ematen jakin duela estetika ederra erabiliz eta musika eta soinu-efektuak primeran konbinatuz”.
Euskarazko bideo onenaren saria, 2.000 eurokoa, Joseba Zabala eta Aitziber Zurutuzak jaso dute, familian elkarlanean grabatutako Iruzurra lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “erabilitako animazio-teknika oso ona da, eta eskuz egindako lanaren eta edizio digitalaren konbinazioa bikaina da. Bideoaren originaltasuna eta bertan emandako azalpen sinple eta argiak nabarmentzekoak dira”.
Mila euroko balioa duen Gazte Saria, berriz, Mutiloako (Nafarroa) Luis Amigo ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat izan da, El no Nobel de Rosalind Franklin lanarengatik. Epaimahaiaren ustez, “irudimen handiarekin, umore askorekin, talde-lanean eta baliabide propioekin egindako proiektua da, eta emakumeak zientzian ikusezinak direla erakusten duena gainera”.
Bestetik, epaimahaiak bi aipamen berezi ere eman ditu aurten. Nuria Gordillo Garcia fisikan doktoreak eta ikertzaileak jaso du horietako bat, Partículas celtíberas lanarengatik. Epaimahaiaren esanetan, “teknikoki bikaina den ikus-entzunezko pieza da, gidoia eta historia oso originalak ditu, eta oso proiektu landua du egungo ikerketa teknika baten berri emateko”. Bigarren aipamen berezia Tatiana Cazorla Cabezas eta Esteban Melchor Gomez-Gordo astrofisikarientzat izan da, ¿De qué están hechas las estrellas? lanarengatik. “Oinarrizko kontzeptuak oso argi azaltzeko gai da, eta gidoia eta grafikoak oso modu eraginkorrean erabiltzen ditu, apaltasunean oinarritutako dibulgazio-lan indartsu bat lortuz”, adierazi du epaimahaiak.
Bestalde, On Zientzia webgunean boto gehien jaso dituen La droga del siglo XXI bideoak irabazi du publikoaren saria. Gijongo (Asturias) Doña Jimena ikastetxeko DBH 2. mailako ikasleek garaikurra eta Donostiako hotel batean bi lagunentzako gaua eskuratu dute.
ETBko Teknopolis saioan
Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, saritutako lanak eta saridunen adierazpenak eskainiko ditu. Ekainaren 25ean, 13:30ean, izango da ikusgai saioa ETB1en, eta ekainaren 26an, 12:10ean, ETB2n.

