Ziburuko IV. Euskal Liburu eta Disko Azoka izango da bihar

Ziburuko IV. Euskal Liburu eta Disko Azoka izango da bihar 90 sormen lan berri egongo dira eskuragarri, eta 25 egile inguru bertaratuko dira euren lanak sinatzera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ziburuko-iv-euskal-liburu-eta-disko-azoka-izango-da-bihar/@@download/image/1685691783607.jpg
2023/06/02
90 sormen lan berri egongo dira eskuragarri, eta 25 egile inguru bertaratuko dira euren lanak sinatzera.
Ziburuko IV. Euskal Liburu eta Disko Azoka izango da bihar

Baltsan Elkarteak eta Argiak antolatutako Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka  izango da bihar. Euskal Irratiak, Euskal Hirigune Elkargoa, Euskal Kultur Erakundea eta Ziburuko herriaren partaidetza ere ezinbestekoa izaten da azoka gauzatzeko. Goizez 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik eta arratsaldez 15:00etatik 19:00etara, pilota plazan.

Aurtengoan 90 berritasun egongo dira azokako mahaietan, argitaletxeka antolatuta. Gainera, hogeita bost egile ere izango dira bertan, euren lanak sinatzen: Koldo Izagirre, Aritz Galarraga, Eli Pagola, Maitane Gartziandia, Joseba Larratxe, Unai Iturriaga eta Sanvi, ZaldiEroa, Dani Fano eta Garlus, Ainara Azpiazu "Axpi", Mattin Aiestaran, Miren Azkarate Badiola, Garbiñe Larrea, Mari Luz Esteban, Iratxe Retolaza, Kepa Altonaga, Xabi Romero, Aritza Bergara, Joseba Aurkenerena, Arantza Martinez, Haritz Larrageta, Jon Heyerabide, Xabier Monasterio, Xan Idiart, Jokin Apalategi, Paulo Iztueta eta Martxel Aizpurua.

Egitarauari dagokionez, hamarretan irekitze ekitaldia egingo dute eta Luzien Etxezaharretari omenaldia. Jarraian, Zubiburu mahai-ingurua izango da eta Maiatzeko Luzien Etxezaharretak berak eta Susa Leire Lopez Ziluaga editoreek parte hartuko dute.

Hamaiketan, Maddi Zubeldia eta Bernadette Luroren Makilakixki haurren ikuskizuna izango da, Iturri zaharrean, eta orduerdi geroago, berriz, Eli Pagola eta Maitane Gartziandiak Ño komikia aurkeztuko dute. Eguerdiko hamabietan, Ur Apalategi Idirin, Jokin Apalategi, eta Paulo Iztuetak Maite Idirin, herrigintzan kantuz saiakera izango dute hizpide. Ondoren, 12:30ean, komikia eta bertsoa uztartzen dituen bat-bateko emanaldia egingo dute. Marrakatue eta Aitor Txantxerina ariko dira marrazten, eta Unai Iturriaga eta Maddalen Arzallus bertsotan.

Eguerdian etena egingo du azokak eta Kaskarotenia ikastolak taloak salduko ditu. Ordu bietan, Peio Erramuzpek kontzertu laburra eskainiko du.

Hiruretan zabalduko da berriz azoka eta Etxepare lizeoko adar profesionaleko ikasleek Euskal Prentsa erakusketa aurkeztuko dute. Adrian Perezek kontzertu laburra emango du jarraian eta Maryse Urrutik umorezko saioa egingo du. 

Lauretan, Xan Idiarte Nostalgia ez da salgai ipuin bildumaz arituko da eta Patxuko Nicen kontzertu motza entzun ahal izango da. Eneko Bidegainek Bichta Éder nobela aurkeztuko du, eta Joseba Barriola Zabaleta itzultzaileak eta Garazi Arrula Ruiz editoreak Antonio Turirelen Petrokalipsia. Mari Luz Estebanek ere Haragizko erreformak olerki bildumaren berri emango du seietan. 

Ixaberen kontzertua izango da sei eta erdietan, azoka itxiko dute zazpietan, eta Adar taldea arituko da zortzietatik aurrera. 

Egun osoan zehar, bi erakusketa ere egongo dira Herriko Etxeko patioan: Etxepare lizeoko adar profesionaleko bigarreneko  ikasleek prestatutako euskal prentsari buruzkoa, eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko laugarren mailako ikasleek komikiekin osatutakoa.