Zetak, Gatibu, Iseo & Dodosound, ETS eta Sua taldeak izango dira 'Zeinen Ederra Izango Den Fest'-en

Zetak, Gatibu, Iseo & Dodosound, ETS eta Sua taldeak izango dira 'Zeinen Ederra Izango Den Fest'-en Zetak taldeak antolatutako jaialdia da eta musika baliatu nahi dute jendearekin elkartu eta 'esperientzia bereziaz' gozatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zetak-gatibu-iseo-dodosound-ets-eta-sua-taldeak-izango-dira-zeinen-ederra-izango-den-festen/@@download/image/1500x500.jpg
2021/12/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zetak taldeak antolatutako jaialdia da eta musika baliatu nahi dute jendearekin elkartu eta 'esperientzia bereziaz' gozatzeko.
Zetak, Gatibu, Iseo & Dodosound, ETS eta Sua taldeak izango dira 'Zeinen Ederra Izango Den Fest'-en

Datorren urteko apirilaren 2an izango da ZEID Fest-a (Zeinen Ederra Izango Den Fest), Barakaldoko BECen. Zetak taldeaz gain, Gatibu, Iseo & Dodosound, Zoo, ETS, Maria Arnal eta Marcel Bages, Los Chikos del Maiz, Sua eta Adriana Gaulter arituko direla iragarri dute, baina musikari gehiago ere izango direla jakinarazi dute. 

ZETAK taldearen Zeinen Ederra Izango Den abestia 2020ko konfinamenduan sortu zen eta taldearen hitzetan, "euskal gizarte osoarekin konektatu zuen, musikaren esparrutik haratago hedatuz eta mugimendu itxaropentsu bihurtuz". Hori dela-eta sortu dute jaialdia. Gizarte osoarentzako jaialdi honek, "momentu baikor eta zoriontsuak inspiratu nahi ditu eta baita baloreak sustatu ere, hala nola kolektibitatea, osotasuna, pasioa, baikortasuna, dibertimendua eta aniztasuna". "Galdutako denbora berreskuratu" nahi dute, "eta musika baliatu gure jendearekin elkartzeko aitzakia gisa, guztiok esperientzia bakar eta bereziaz goza dezagun". 

Sarrerak salgai daude jada, hemen. 28 euro balio dute online eskuratuz gero, eta 35 bertan erosita. Zetak taldeak eta Panda Artist Management agentziak antolatu dute jaialdia, Xabi Uribe-Etxebarriaren laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Urteroko hitzordua izatea nahi dute, gainera.