ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"

ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zerua-ala-infernua-azpimunduko-elkarrizketa-5/@@download/image/zerua_ala_infernua_EREDUA.jpg
2019/08/07
ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"
Mikel Laboa Mancisidor
(1934-2008)

Ezaguna egingo zaizu...
Nork ez du inoiz ‘Txoria-txori’
abestia sekulako
mozkorrarekin abestu?
Janis Lyn Joplin
(1943-1970)

Ezaguna egingo zaizu...
Oholtza gainera igotzeko
ausardia duten emakume
guztientzat eredu da.
Egin ezin izan diren elkarrizketak: litekeena ere kontatu behar delako.
* GAZTEZULO ez da arduradun egiten gure teknologia aurreratuek ustekabean antzemandako elkarrizketetan diotenaz. Kexa eta iradokizunak, zerura ala infernura bidali!

 

Mikel Laboa. Estilo afroamerikarrean ditu oinarriak zure musikak, “cultural appropriation” bat al da zurea? Hau da, kultura jabetze bat? Egun jendea oso sentsible dabil kontu horiekin...
Janis Joplin. Barkatu hain zuzen erantzutea baina, a zer txorakeria! Orain hilabete batzuk gertatu zen albiste batekin sutu egin nintzen adibidez, Berri Txarrak eta MTV aferaz ari naiz. Rosaliak flamenkoaren zenbait elementu erabiltzea ez da apropiazioa, Berri Txarrak-ek hardcore yankia erabiltzea ez den bezala. Kultura, mugimendua eta kutsatzea baita. Beraz nire kasuan, jarri nahi duzun etiketa baina oso harro nago egindakoz. Horretaz ari garela, gazte talde askok miretsi dute zure musika, eta erreferente handia izan zara belaunaldi berrientzat. Horren lekuko da rock taldeekin izan duzun harreman berezia, Kortatu, Su ta Gar, Negu Gorriak edota Delirium besteak beste. Gaur egungo zein talderekin gustatuko litzaizuke kolaboratzea?
M. L.  Twin Melody bikotearen Tik Tok aplikazioko bideoek harrapatuta naukate, patata frijituak bezala dira, behin dastatzen hasita ezin gelditu guztiak bukatu arte! Horietako batean azaltzea asko gustatuko litzaidake. Hori bai absurdoa eta eromena eta ez Lekeitioak... Ikusten dut euskal musika jarraitzen duzula, zein da zure ustez euskal musikarietan hippiena?
J. J. Zalantzarik gabe Xabi Bandini. Batez ere Kerobia taldeko abeslaria izateari utzi eta bakarkako bideari ekin zionetik. Zen egoera iraunkor batean bizi den tipoa dela iruditzen zait, egun osoa lainoen gainetik biziko balitz bezala, Woodstock jaialdian kartel-buru jarriko nuke! “Begibakar deitzen zioten. Behin bere gelan sartu zen...” dio bere abesti batek, zer ezkutatzen ote du gure Bandinik gela horren barruan? Baina argi dago, hippiena zu zarela. Zure kantagintza hiru zutabek osatzen dutela esan ohi da: kantu tradizionalen berreskuratzeak, poeta garaikideen hitzen musikatzeak eta Lekeitioak deituriko kantuen esperimentazioa; baina, azken honetan apur bat galdu egin nintzen, ez nuen oso ondo ulertu, zer demontre gosaltzen zenuen ulertezina den esperimentazio fase hori burutzeko?
M. L. 1988an argitaratutako diskoa izan zen, 80ko hamarkadan erokeriarik egin ez duenik ezagutzen al duzu? Nik ere ez dakit oso ongi zer egin nuen bertan. Beste garai batzuk ziren, badakizu zuk ongi zertaz ari naizen... –begi keinua– Ez hartu gaizki baina, drogarik kontsumitu gabe zure musika nolakoa izango zatekeen?


J. J. 2015. urtean Amy Berg zuzendariak nire bizitza hobeto ulertzeko Janis: Little Girl Blue izeneko dokumentala estreinatu zuen, biziki gomendatzen dizut ikustea, horrela hobeto ulertuko duzu egiten didazun galdera iraingarria dela. Nire abesti kuttunenak diren den Cry Baby edota Piece of my Heart adibidez, inongo drogarik kontsumitu gabe konposatu nituen. Egiari zor, aitortu behar dizut drogek sekulako eragina izan dutela nire musikan, baina horrek ez du esan nahi drogarik gabe kaskarrak izango zirenik! Ikusten dudanez 80ko hamarkadan zu ere ez zinen drogetatik urruti ibili... Esan didate zure lanetan badela bitxikeria bat: disko guztiak zenbakituta daudela, batetik hamazazpiraino, baina hamahirurik gabe. Drogen eragina ala Ez Dok Amairu taldeari omenaldia?
M. L. Drogen aipamenari ez entzuna egingo diot, erreputazio bat dut eta mantentzeko. Alderantziz izan zen, Ez Dok Amairu izena sortu genuen hain zuzen 13 zenbakiari diodan fobia gainditzen aldera. Baina argi dago ez nuela lortu, ondoren, nire bakarkako lanak zenbakitzerakoan ez bainuen lortu hamahiru zenbakia erabiltzea... eta utz diezaiogun zenbaki beldurgarri horretaz hitz egiteari.

Hippie mugimenduaren ikur bilakatu zara, baina “maitasun librearen” garaian zure maitaleen desleialtasunak ez zenituen oso ongi hartzen, itxurakeria besterik ez al zen zure jarrera ala?
J. J. Harrapatu nauzu bai. Konturatu nintzen salgarriagoa zela irudi hori, baina nire pribatutasunean jasanezina iruditzen zitzaizkidan nire maitaleen desleialtasunak. Hippie mugimenduaren ikur bilakatu naizela kontziente naiz, baina nahiagoko nuke mugimendu kontrakultural, liberal eta bakezalearen ikuspegitik soilik etiketatzen banauzu eta batez ere biolentzia eta guden kontrako ekintzak aldarrikatzen nituelako. Ahaztu maitasun librearen kontu ziztrin hori mesedez... ni guztiaren gainetik musikaria naiz, beraz jarrai dezagun kontu horiekin. Txoria-txori abestia ereserki batean bilakatu dela argi dago, baina aitor ezazu, zein da konposatu dituzun abestien artean gehien maite duzuna? Eta gehien gorrotatzen duzuna?
M. L. Txoria-txori da gehien gorrotatzen dudana, ez al zarete nazkatzen edozein ekitaldi, ekintza politiko eta omenaldietan entzuteaz? Gainera, hamaika bertsio eta hizkuntzetan dago... nahikoa da! Beste hamaika abesti on sortu nituen! Gehien maite dudana esatea zailagoa da, abesti bakoitzaren atzean historia eta oroitzapen ugari daude... Naizroxa taldearekin egin nituen kolaborazio abestiak balio dute? Icharaturic eta Begui Urdinac Egun Eurixuetan Marroyac Dira abestitzarrak dira! Eta musikaz hitz egiten jarraitu nahi duzunez... Ezagutu al dituzu 27ko klubeko besteak?
J. J. Jakina! Kuadrilla bat osatu dugu eta ostegunero elkartzen gara. Winehouse anderea Kurt Cobain, Jim Morrison eta ni neu pintxo potera joaten gara lehenik (alkoholik gabeko edariak eta jaki osasungarriak dastatzen ditugu noski!) eta ondoren telesail maratoi bat egiten dugu. Ikusi ditugun azkenak Narcos, Weeds, Fariña eta Breaking Bad izan dira. Aizu, zu euskalduna izanik pintxoez asko jakingo duzu, gainera Donostiako Antigua auzoko Matia kalean sarritan ikusten zintuztela esan didate askok eta bertako jaki eta edari guztien maisuan ere bilakatu zinela. Gomendiorik?
M. L. Bai, zuk diozun moduan, ikusten ninduten. Mundu honetatik joatea erabaki nuen gaur egungo taberna moderno horiek txoko guztietan irekitzen hasi zirenean. Horietan gehiago axola du diseinuak eta itxurakeriak kalitateak eta hurbileko tratuak baino. Gaur egungo Donostia ikusirik gomendioa bertatik alde egitea da.