ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"

ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zerua-ala-infernua-azpimunduko-elkarrizketa-4/@@download/image/zerua_ala_infernua.jpg
2019/06/21
ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"
Gabrielle Bonheur “Coco” Chanel
(1883-1971)
Ezaguna egingo zaizu...
Bere lurrina ziur ezagutzen
duzula, hori bai, erosteko kasik
hipoteka atera beharra dago
ANTONIO ELOSEGI
(1834-1905)
Ezaguna egingo zaizu...
Euskal estiloa mundu
osora zabaldu zuen
“proto-influencerra”

 

Egin ezin izan diren elkarrizketak: litekeena ere kontatu behar delako.
* GAZTEZULO ez da arduradun egiten gure teknologia aurreratuek ustekabean antzemandako elkarrizketetan diotenaz. Kexa eta iradokizunak, zerura ala infernura bidali!

  • Coco Chanel. Entzun dudanez, galtzerdi fabrika bat sortu nahi zenuen baina galtzerdiak txapela formakoak atera omen zitzaizkizun eta horregatik erabaki omen zenuen txapelak egitea. Zure arrakasta kasualitate hutsa da beraz?
    Antonio Elosegi. Zintzoa izango naiz eta baiezkoa erantzungo dizut Coco maitea.  Enpresa desberdin bat sortu nahi nuen. Asko pentsatuz eta ideia ezberdinekin lan egin ostean, txapelak fabrikatzen hasi nintzen, zuk esan bezala kasualitatez. Horretxegatik, enpresak hasiera batean horrela izena zuen: “La Casualidad” Beraz, nirekin identifikatzen den irudia txapela da zalantzarik gabe, zurea zerekin lotzen da?
  • C. C. Zurekin txapela? Txapela ere nirekin identifikatzen da eta! Zu txapelak egiten dituen enpresari soil bat besterik ez zara nirekin alderatuz, baina txapelak modan jartzea edo ez erabakitzen duena ni naiz dudarik gabe. Garaiko kortse itogarrietatik askatu nituen emakumeak eta ni neu nintzen nire sinaduraren modelo onena, bonet bezala ezagutzen den txapela jartzeko modu hori nik baino hobeto jartzen ez daki inork! Hori bai, muturreko argaltasuna ere modan jarri nuen ordea, baina hori ez zen nahita izan, garaiko gerra eta goseteen eragina baizik. Zuk ordea gose askorik ez duzula pasa dirudi. Aberats egin zinen txapelak sortzen, gainera diru horren zati bat langileen lan baldintzak eta Tolosako herria hobetzeko erabili omen zenituen. Honek guztiak onegia dirudi ordea, akatsen bat izango duzu ba?

 

ANTONIO ELOSEGI

"Emakume hiperaktiboa zinela esan didate; izaera latzekoa eta nahiko gaiztoa langileekin”

 

  • A. E. Bai, lan gehiegi egiten nuela. Halere, bilakaera industrialari esker, ekoizpena ikaragarri hobetu zen. Hasieran, txapelak eskuz josten genituen eta langileek txapel bana egiten zuten egunean. Gero, josketa mekanikoari esker, 15 eta 20 ale bitartean ekoizten hasi ziren eta urte gutxira, 1883an zifra hori 10 aldiz biderkatu genuen 150/200 aleraino iritsiz. Zu ere ez omen zara geldirik egotekoa. Emakume hiperaktiboa zinela esan didate; izaera latzekoa eta nahiko gaiztoa langileekin, perfekzionista azken muturreraino. Zeruan (ala infernuan) zaudetenetik erlaxatu zara?
  • C. C. Batere ez! Ba al dakizu zein den hemen karguan dagoena? Berarekin hitz egin nahiko nuke galdetzeko ea infernura jaitsi ote naiteken, ziur ez dela hau bezain aspergarria! Aizu baina nire gai gustukoena den lanarekin jarraituz, garaiko argazkietan ikus daitekeenez josten dauden langile guztiak emakumezkoak dira. Gizonezkoei josten ikasteko ikastaroak ematea ez al zenuen planteatu?


  • A. E. Bai, askotan pentsatu nuen baina alper hutsak ziren eta egun santu guztia taberna zuloan sartuta pasatzen zuten, negoziorako kaskarra! Zu ordea, negozioez gehiago arduratu zinen langileez baino, adibidez zure izena daraman Chanel Nº5 izeneko lurrunak izugarrizko arrakasta du oraindik ere. Proposamen bat luzatu nahiko nizuke: Tolosako berezko usain hori botilaratu eta lurrun bihurtuko beharko bazenu zein osagarri aukeratuko zenituzke?
  • C. C. Guztiok lurruna gora eta lurruna behera! Eta garaiko modan egin nituen aldaketa guztiak zer? Adibidez takoi baxua modan jarri nuen jostorratz baten moduko takoiak eramaten zirenean eta halere  denok Coco Chanel entzutean perfumea bakarrik datorkizue burura! Noski, lurruna zoragarria da, baina beste hainbat gauza zoragarri ere egin ditut! Marilyn Monroe-ren errua da esateagatik lotarako nire lurrinaren tanta batzuk bakarrik jartzen zituela... ahozabal halakoa!  Halere, gure artean onartuko dizut negozioari mesede egin ziola... Tolosaren usainari dagokionez, babarrunek botagura eragiten didate, hobe babarrunei Coco Chanel lurrin apur bat botatzea, ziur horrela goxoagoak daudela. Eta zu zer? Nik nire lurruna egunero eramaten dut, zuk ordea ez daramazula txapelik ikusten dut eta zure hainbat argazki ere topatu ditut, baina inon ez txapela jantzita. Material txarrez eginak al dira ala?
  • A. E. Txarrak? Gure indarguneetako bat kalitatea da! Izan ere, Australiatik dator % 100 merino eta 18 mikrozuntzeko artilea. Txapelen kalitatea haien malgutasunean, isolamendu termikoan eta ura ez pasatzeko material iragazgaitzen ahalmenean nabarmentzen da, beraz errespetua! Ez eramatearen arrazoi bakarra... sekretu bat da!

 

COCO CHANEL

Tolosaren usainari dagokionez, babarrunek botagura eragiten didate,
hobe babarrunei Coco Chanel lurrin apur bat botatzea”

 

  • C. C. Ba kalitateak kalitate, egun Euskal Herrian gero eta txapela gutxiago erabiltzen da San Tomas egunaz harago. Zer egin behar litzateke berriz ere modan jarri dadin?
    A. E. Egun modan daude “influentxer” horietako batzuk fitxatu nahi ditut sare sozialetan txapelekin azaltzeko, horrek joera aldatuko luke ziur. Horrez gain, burusoil guztiei doan banatuko nizkieke, Euskal Herriko negu hotzari aurre egiteko erremediorik onena baita!
  • C. C. Halere, badaezpada txapelez gain beste negozioak sortzen ere saiatu zinen nolabait. Garaiko baserritarrekin kooperatiba moduko bat sortzeko bidean egon zinen. Fermin Muguruza bera baino aurrerakoiagoa zara!
    A. E. Muguruza aipatzen duzula Euskal Herria Jamaika Clash! abestia entzun nuenetik jamaikarren oso zalea bilakatu naiz! Batez ere, bertara bidaiatxoa egin ostean eta baserrietako ezkutuko landa eremuetan “barrearen belar magiko” delako batzuk landatu nituenetik. Horrez gain, Tolosa inguruan Euskal Herriko sagastirik handiena landatu nuen, Normandiatik 5.000 zuhaitz ekarrita. Aizu, baina zer da hau galdetegi bat? Inoiz ez nintzen hain epaitua sentitu! Ni behintzat saiatu nintzen mundu hobeago bat egiten, zuk modaren bidez ere saiatu zinen, baina modak ez du axola jendeak ogirik ez duenean.