ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"

ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zerua-ala-infernua-azpimunduko-elkarrizketa-3/@@download/image/zerua_ala_infernua.jpg
2019/04/16
berria
ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"
Jorge Oteiza Enbil
(1908-2003)
Ezaguna egingo zaizu...
Zein ez da Arantzazura
apropos joan
artistaren apostoluak
birritan kontatzera?
Magdalena Carmen
Frida Kahlo Calderon
(1907-1954)
Ezaguna egingo zaizu...
Bere koadroak behatu eta bekainak
depilatzeko pintzatxoa zakarretara
botatzeko gogoa piztu, biak ba.

 

Egin ezin izan diren elkarrizketak: litekeena ere kontatu behar delako.
* GAZTEZULO ez da arduradun egiten gure teknologia aurreratuek ustekabean antzemandako elkarrizketetan diotenaz. Kexa eta iradokizunak, zerura ala infernura bidali!

Frida Kahlo. Ez zara matematiketan oso abila, ezta? Hamabi apostolu ziren eta ez hamalau, norbaitek esan behar zizun!
Jorge Oteiza. Baina, baina... zer uste duzu zuk? Garrantzitsuena figurek irudikatzen dutena da eta ez zenbat diren. Horregatik hamalau apostolu jarri nituen eta listo! Eta ez nituen gehiago jarri kabitzen ez zirelako, bestela.... Nire oihartzuna hainbat diziplinatan ikusten dugu gaur egun, hala nola eskultura, pintura, arkitektura, poesia, estetika, zinema, antropologia... imajinatzen dut zuretzat ere erreferente izango naizela ezta?

F. K. Noski, zer egin behar ez dudan erabakitzerako garaian. Niri ez zait interesatzen diziplina asko dominatzea, hau ez da txapelketa bat. Eskura margoak eduki nituen eta horiekin nire mina azalaraztea lortu nuen. Hori da axola duena, artea minarentzako ukendua izatea. Horrenbesteko talentua izateak egiten duzun tontokeria oro maisulana dela pentsatzeko beste ezertarako ez dizu balio.

Parisen egon nintzenean surrealistak ezagutu nituen eta beraien pedanteria ezin izan nuen jasan. Beraz, nirekin txorakeria gutxi... Nola definituko zenuke egiten duzuna nire amonak ere ulertzeko moduan?

J. O. Surrealismoa, lehen eta bigarren mundu gerratearen artean egon zen mugimendurik garrantzitsuena izan zela esango nioke zure amona horri. Baina badakizu zein izan zen nire arerio nagusia? Arrazoimena! Nire helburuek artearen mugak gainditzen zituen eta asko ez zeuden prest aparteko esfortzu hori egiteko. Zu eta zure amonak esfortzu minimo hori egingo ez duzuenez, joan zaitezke zuen mailakoa den El Chavo del 8 ikustera eta listo, guztiok pozik! Surrealista esaten duzunean mespretxuzko jarrera sumatzen baitut, baina ez ahaztu, inoiz onartu ez duzun arren, zuk ere surrealismo etniko ukitu bat ere baduzu. Dena den autorretratuengatik egin zinen ospetsu. Ego altu samarra agian?

F. K. Ezjakin halakoa! Istripu larri baten ondoren ospitaleko ohean hilabeteak egon bazina esango zenidan zer margotuko zenukeen, zure bizar urdineko azken ilea ere agertuko zen zuren lanetan surrealismotik hiperrealismora paseaz! Ni nintzen eskura nuen modelo bakarra eta paisaiak nire barne munduak. Egia esan, nire burua hobeto ezagutzeko ariketa aparta izan zen, probatu behar zenuke noiz edo noiz. Aizu eta orain ez duzu txapelarik erabiltzen? Ez dira inoiz ahaztu behar gure jatorriak, begira niri, mexikar tradizioko soinekoak ez ditut gainetik kentzen!

J. O. Egia esan soineko ederrak erabiltzen dituzu bai, hori aitortu beharra dago. Txapelik ez dut erabiltzen, hasteko zeruan nagoenetik pentsioa murriztu didatelako eta dirua beste gauza garrantzitsuetan inbertitzen dudalako. Eta bigarren Antonio Elosegik esan zidalako, urtero egiten dituzten 160.000 txapel horietatik, erdiak militarrentzat direla, beraz... Soinekoak aipatu dituzula, Mexikon mugimendu artistiko berri bat sortu zenuela esan didate. Europako modeloak atzean uzteko asmoz eta arte estilo independente berri bat sortzeko. Euskal Herriko erreferenteak ez zenituen gustuko ala?


F.K. Euskaldunok beti bezain euskalozentrista! Bai, bai, hitz hori ez du Euskaltzaindiak onartzen baina onartu behar luke, zuek baino ego handiagorik gutxik! Maite ditut euren kulturatik jasotakoa hartu eta hori bere egiten duten artistak, kultura guztiek baitituzte gauza interesgarriak eskaintzeko eta bertakoek baino hobeto ezin dezake hori beste inork interpretatu. Horregatik, nik ez nizuke inoiz galdetuko mexikar erreferenterik zergatik ez duzun erabili. Gero niri esan ego altua dudala... Halere, galtzaile plantak egiten zenituen horrelako esaldiak boteaz: ”Ez utzi galtzen zure galtzaile karrera, arrakasta kaka zahar batengatik” eta 88ko erakusketa egin ez zedin ere saiatu omen zien. Arteak ez al du partekatua izan behar bada?

J. O. Aipatzen duzun 88ko erakusketa horren ostean sekulako arrakasta izan nuela esan behar dizut, hori hasteko. Bestetik artea bakoitzak nahi duen moduan izan behar duela uste dut. Gaur egun edozer kontsideratzen da arte eta ez nago batere ados. Historian, hainbat filosofo eta artista aritu izan da horretan, baina ez da artea bera zer den definitzerik lortu eta are gutxiago, sailkapenik egiterik. Halere Piccaso saiatu zen nolabait zure artea definitzen. Retrato de Cristina, mi hermana zure koadroaren inguruan, Picassok Diego Riverari esan omen zion: “Begira aurpegi honi. Ez zu, ez ni, ezta Derain ere ez da gara honela pintatzeko gai”...

F. K. Eta a zer zaputzaldia hartu zuen Diegok, nire senar mozoloak! Picassoren groupiea zen kasik eta berak ni nahiago! Aitortuko dizut, horrekin egoa apur bat puztu zitzaidala, ez zure mailaraino baina irribarretxo bat atera arazi zidan. Asko dakizula niri buruz dirudi, zer iritzi duzu nire arteaz?

J. O. Zintzoa izango naiz, pertsona bezala konplikatu samarra zarela uste dudan arren, azken galdera honetan aitorpen bat egingo dizut: zure jarraitzaile sutsua naiz! Zure familiaren bizileku izandako Etxe Urdina, egun zure museoa bihurtutakoa alegia, gutxienez bost aldiz bisitatu dut eta zure obraren inguruko liburu guztiak irakurri ditut. Parean dauzkadan lau lainoetan zure bi erretratu dauzkat zintzilik eta zuri omenaldia eskaintzeko asmoz, bi bekainen artean marra beltz bat ere margotu dut... Maite zaitut Frida! Eta egin dizudan azken aitorpen hori aprobetxatuz, nahi baduzu egunen batean, nire jaioterrira –Oriora– gonbidatuko zaitut bisigu eder bat afaltzera. Animatuko zinateke?

F.K. Noski, ohore bat izango da, gainera entzun dudanez Euskal Herrian oso ongi jaten omen da. Aitortu behar dizut, egiten duzun guztiaren zalea ez banaiz ere, gauza batzuk gustuko ditudala eta Oriora noanez, bide batez Arantzazura joateko aprobetxatu dezakegu, ea benetan dirudien bezain ikusgarria den!