ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"

ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zerua-ala-infernua-azpimunduko-elkarrizketa/@@download/image/ZI_01.jpg
2019/01/23
ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"
Sabino Polikarpo Arana Goiri
(1865 – 1903)
Ezaguna egingo zaizu...
EAJ alderdiaren oinarriak jartzeaz gain
ETB1en oraindik ere meza santua
igortzearen erruduna da.
Francisco Franco Bahamonde
(1892- 1975)
Ezaguna egingo zaizu...
Estatu Espainiarrean askatasuna ukatzeagatik,
ezberdin pentsatzen zuen orori eta euskaldunoi
gure hizkuntza bera ere debekatzeagatik.

 

Egin ezin izan diren elkarrizketak: litekeena ere kontatu behar delako.
* GAZTEZULO ez da arduradun egiten gure teknologia aurreratuek ustekabean antzemandako elkarrizketetan diotenaz. Kexa eta iradokizunak, zerura ala infernura bidali!

 

Sabino Arana. Aitor ezazu, Patxi, Francisco, baino izen politagoa da...
Francisco Franco. Elkarrizketa hau errespetuz hastea eskertuko nizuke mesedez eta nire sentimenduekin ez jokatzea! Francisco, gizonezko espainiar batentzat izen aproposena da: serioa, gogorra eta irmoa. Euskal izenez ari zarela hizkuntza arraro hori... “euskuara, edo eskuera”... ez dakit nola den, zertarako balio du lau katuk soilik hitz egiten baduzue?

S.A. Ba zu bezalako idiotek ulertu ez gaitzaten! Eta flipatuko zenuke bizkaieraz hasiko banintz, zure neurona bakar horrek ezingo luke jasan. Ez da nire errua zuk hizkuntza bakarra eta berau hain pobrea ikasteko ahalmena soilik izatea. Bekaizkeria zeinen gauza txarra den... Korrika bezalako ekimenekin euskarak forman jartzen du euskaldunon gorputza, espainolak ordea, lapurtzeko beste ezertarako ez du balio dirudienez. Gainera Euskaraldia bezalako ekimen zoragarriak egiten ditugu, irudimenez beteta gaude euskaldunak!

F.F. Hori zer da, txapa ziztrin batzuk jartzearen pantomima hori? Balio duen hizkuntza bakarra espainiarra da, beste guztiek ez dute ezertarako balio. Hamabigarren egunean nire hizkuntza maitera bueltatuko zarete, ziur! Zoragarria Espainiako ereserkia da, baina letra falta zaio, lagunduko zenidake zerbait topatzen?

S.A. Zure gustu musikal eta kulturalak zabaldu behar dituzu, edozeri zoragarria deitzen baitiozu zuk. Gainera, ni bezalako vascuence baten laguntza behar al duzu? Barru-barruan badakizu jeinu hutsa naizela eta ezin duzu eraman! Zer deritzozu hasiera honi? “Eusko gudariak gara, Espainia suntsitzeko...” Esaidazu egia, egungo Espainian biziko al zinateke?

F.F. Kosta egingo litzaidake traidorez betea dagoelako. Dena den badaude nigandik oso gertu dauden bizpahiru partidu politiko eta beraien buruzagiekin gustura joango nintzateke pintxo-potera, horiekin esperantza ez dut galdu oraindik. Nik bezala hitz egiten dute, nik bezala pentsatu, baina ni baino azkarragoak direla uste dut; harrotasunez erakusten nuen faxismo hori, beraiek ezkutuan eramaten baitute boterera iristen diren unean erakusteko! Etxeako mouko neska-mutil bikainak dira, maitagarriak! Gainera milaka pertsona hil eta torturatu ostean, Erorien Haran ikusgarrian lurperatu ninduten, heroi baten moduan, astero 4.000 bisitatik gora jasotzen ditudalarik. Zu ordea Sukarrieta izeneko 300 biztanle inguru dituen herrixka ziztrin batean zaude. Zer egin zenuen gaizki zure bizitzan ba?

S.A. Niri behintzat bakean deskantsatzen uzten didate zuri ez bezala. Orain lekuz mugitu nahi omen zaituzte eta... Gainera 4.000 bisita horien barruan kontuan hartu al dituzu zure hilobiari tu egitera doazenak? Loreak ez zaizkizu zimelduko ur faltagatik behintzat... hori bai, ito egingo zaizkizu agian, kontuz! Aizu eta txikitatik argi al zenuen diktadore izan nahi zenuela?

F.F. Bai, txikitatik amesten nuen horrekin. Eskola garaian adibidez, jolas-orduan lagun guztiak errenkan jartzen nituen eta nik erabakitzen nuen futbol partiden taldeak nola banatu. Neskak baztertu egiten nituen, eta bazegoen tipo bat beltzaran samarra zena, hori ere kanpora noski! Barkatu gaiaz aldatzea baina ezin dut ekidin ikustea zein gaztetxoa zaren. Ni adibidez 82 urte nituela hil nintzen, zu ordea 38rekin besterik ez. Behintzat ez zenuen 40koen krisia bizi behar izan ezta?

S.A. Ni hilezkorra naiz, euskaldun ororen gogoan bizi naiz eta. Ni gabe honezkero aspaldi galdua zen Euzkadi. Nire ondarea izugarri aberatsa da: ikurriña sortu nuen, Eusko Abendaren Ereserkia, Euzkadi kontzeptua ere bai, ikerketa filologiko ugari egin, Euskal Herriko umeek nik asmatutako izenak daramatzate... eta gelditu egingo naiz, ni neu ere nire jakituria eta sormenaz harritu eta hunkitzen bainaiz. Nazio oso bat sortu nuen eta nik sortutakoa EAJri esker egun-egunean dago eta hortxe jarraituko du, bai baitakite dirua nola kudeatu. Hori ere nik irakatsita noski.

F.F. Tira, tira! Amestea librea da... Aizu SABINI azken galdera! –Dei diezazuket horrela konfiantzaz ezta?– SABINI! Afaltzera gonbidatuko bazintut,  ze soinu banda eta ondorengo zein pelikula aukeratuko zenituzke gure zita erromantiko horretarako?

S.A. Banekien bai nik nirekin maiteminduta zaudela! Hala ere, badakit zuretzat zaila dela baina lehendabizi nire izena ongi esaten ikasi behar duzu. Animo, egin dezakezu, nirekin batera: SA-BI-NO... Ikusten? Ez da horren zaila! Behin nire izena ongi esaten duzunean aukera bat emango nizuke. Gainera, gizon txikiak beti iruditu zaizkit dibertigarriak! Zita hasteko, euskal jatorria duen eta zuek espainiartu nahi izan duzuen patata tortilla jango genuke, ondoren ETB 1ean meza santua ikusiko genuke eta azkenik, zure gorputz ñimiño horri bizigarri bat emateko Kepa Junkerarekin dantzatuko genuke. Gauaren bukaerarako seguru erabat euskaldundu zaitudala. Pena ez ginela garai berekoak, zeren bestela honezkero Espainia osoa konkistatuko nuen zu konkistatu zaitudan bezain errez! Nire karisma, itxura egokia eta adimena xarmagarriak baitira zu bezalako neardentalentzat ere. Aizu, bukatzeko nik ere badut azken galdera zuri egiteko, pentsatu al duzu bizarra uztea, gaur egungo hipsterren antza duzu eta! Bizar on bat dagoen tokian...

F.F. Elkarrizketa gaizki hasi duzu eta ikusten dut are okerrago amaitu nahi duzula ezta? Ez alderatu niri hipster nazkagarri horiek, bohemio hutsak dira eta! Pentsamendu bakarretik aldentzen dira eta arropa zaborretatik hartzen dute. Progresistak politikan eta gainera beganoak izaten dira. Nola fidatu horietaz? Nire lagun Adolf-ek eta nik bai eramaten genuela bibotea estiloz!