Zergatik jan nahi izaten dugu gaizki triste gaudenean?

Zergatik jan nahi izaten dugu gaizki triste gaudenean? Triste zaudenean litro bat izozkiren beharra sentitzea ohikoa da. Halere, triste zaudeneko betekadak ez dizute lagunduko burua altxatzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zergatik-jan-nahi-izaten-dugu-gaizki-triste-gaudenean/@@download/image/trsite.jpg
2019/11/28

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Triste zaudenean litro bat izozkiren beharra sentitzea ohikoa da. Halere, triste zaudeneko betekadak ez dizute lagunduko burua altxatzen.
Zergatik jan nahi izaten dugu gaizki triste gaudenean?

Badirudi patata zorroa ireki eta bertan murgilduz gure arazo guztiak konponduko direla, dramak ahaztu eta berriz ere umore ona itzuliko dela. Guztioi gertatu zaigu, baina zergatik gertatzen da hau?

Comfort food deitzen diote, janari erosoa eta noski, ongi sentiarazten gaitu gure gustuko janaria jateak pozik jartzen gaituelako. Gainera triste gauden egoeretan ez dizkiogu gure buruari mugarik jartzen eta beraz ase arte kontsumitzen dugu. Badakigu ordea akatsa dela, baina momentu horretan ez zaigu axola.

Gure buruei esaten diegu salbuespena dela egun txar bat hobetzeko. Horrelako egunak luzatu ez gero ordea nutrizio gabezia sufritzen hasiko gara. Azukre gaindosia ez da irtenbidea. Gure gorputza janari prozesatua jateko ez dago programatua. Janari erosoak jaten ditugunean gaixotzen hasten gara eta horrek gure tristura areagotu besterik ez du egiten. Jaten ditugun momentuan ongi sentitzen gara noski, baina ordubetera edo bira gaixotzen has gaitezke gure gogo aldartea txartuz. Hori dio behintzat Jon Ann Stevelos ikertzaileak Psychology Today aldizkarian argitaratu duen artikuluak.

Hobeto sentitzeko moduak aurkitzea ez da erraza, baina ez dugu etsi behar. Nola sentitzen zara dutxa baten ostean edo txakurrarekin paseotxo bat eman ondoren? Landareak zaintzea atsegin duzu? Probatu al duzu lagunen batekin zure sentimenduez hitz egitea? Beharbada azken hau izan liteke irtenbiderik onena, ondoezak hitzetan jartzea bera terapeutikoa baita. Halere noski, egunen batean izozki bat edo bi jan nahi badituzu ez da ezer gertatzen, gai zara jakiteko noraino egiten dizun zerbaitek on eta noraino kalte. Besterik gabe, gure gorputzari kasu gehiago egiten hasi behar dugu tristeziaren bukle eternalean ez erortzeko.