Zergatik ikusi behar duzun (ala ez) 'Euphoria' telesaila

Zergatik ikusi behar duzun (ala ez) 'Euphoria' telesaila HBO katearen 'Euphoria' telesaila hitz gutxitan aurkeztu beharko banu: bigarren (mailako) hezkuntzako ikasle talde baten egunerokoa erakusten duen ekoizpena dela esango nuke; drogak, sexua, nortasuna, traumak, sare sozialak, maitasuna eta laguntasunaren bidetik nabigatzen duten bitartean. Guzti hori gainera, era oso gordin, esplizitu, harrigarri, gogor, ilun eta deserosoan aurkeztua. Urteko telesailik polemikoena? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zergatik-ikusi-behar-duzun-ala-ez-euphoria-telesaila/@@download/image/euphoria-1560256602916.jpg
2019/09/06

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

HBO katearen 'Euphoria' telesaila hitz gutxitan aurkeztu beharko banu: bigarren (mailako) hezkuntzako ikasle talde baten egunerokoa erakusten duen ekoizpena dela esango nuke; drogak, sexua, nortasuna, traumak, sare sozialak, maitasuna eta laguntasunaren bidetik nabigatzen duten bitartean. Guzti hori gainera, era oso gordin, esplizitu, harrigarri, gogor, ilun eta deserosoan aurkeztua. Urteko telesailik polemikoena?
Zergatik ikusi behar duzun (ala ez) 'Euphoria' telesaila

Baliteke jarraian aipatuko ditudan argudioak, ekoizpen honetara gerturatzeko balio izatea, baina baita uxatzeko ere, beraz zure kontu erabakia. Kosta egin zitzaidan sartzea, baina aitortzen dut, azkenean ezin izan dudala bere atzaparretatik ihes egin. Sartu koktel-ontzi batean Nicolas Winding Refn-en estetika eta Gaspar Noe eta Leos Carax-en gordintasuna eta estetika narratiboa. Skins eta Freaks & Geeks telesailen esentzia. Neon argiak, sare sozialak, purpurina, musika elektronikoa, sexu, festa, biolentzia eta droga eszena esplizitu eta amaigabeak.

Muturrera eramandako egoerak, eszenaratze eszentrikoa, plano pretentziosoak, mugikorretako pantailek argiztaturiko sekuentzia magnetikoak eta protagonista bakoitzaren egoera mental eta emozionala transmititzea helburu duen muntaia hipnotikoa. Ikusleari argumenturik gabe uzteko gaitasuna duten pertsonaia oso konplexuak, beraien esperientzien bitartez, gatazka oso bortitzak proposatzen dituztenak, eta guztiak aldi berean beste edozein telesailetan topatzea ia ezinezkoa direnak; bost axola katea, generoa, aktoreen adina edota zein ikusle motari zuzendua dagoen.

Estetika edukiari gailentzen zaiola pentsatuko dute askok, baina trama orokorra pertsonaiek garraiatzen dutela iruditzen zait (eta ez alderantziz), eta estetika hori, une oro hauen sentipenak igortzeko beharrarekin sortuak izan direla.

Zirikatzaile da, ausarta, iluna eta batez ere oso deserosoa . Z belaunaldiaren -90eko hamarkadaren erditik edo 2000. urte hasieratik gaur arte jaiotako pertsonek osatzen duten belaunaldia- zentsurarik gabeko erretratu oso gordina, gaixotasun ohikoena antsietatea dela erakusten duena, izango duten etorkizunaren ziurgabetasuna, gaixotasun horren eragileetako bat delarik eta teknologia berriak, erabat ondoratzeko balio duen putzu sakon bat. Ez dakit gustuko izango duzun ala ez, baina ziur gutxitan ikusi duzula antzekorik. 13 Reasons Why, Disney-en telesail azukretu bat irudituko zaizu honen ondoan.

“It’s not TV, it’s HBO” (ez da telebista, HBO da) esaten zuten hasieran gainerako kateetatik bereizteko intentzioz. Euphoria ikusi ostean, “it’s not teen, it’s HBO” (ez dira nerabeak, HBO da) leloa gehituko nuke.