Zergatik ez dituzun urte berriko asmoak beteko

Zergatik ez dituzun urte berriko asmoak beteko Urtea hasi zenetik 21 egun igaro dira; hasi al duzu zure buruari zin egindako ezer? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zergatik-ez-dituzun-urte-berriko-asmoak-beteko/@@download/image/Group-of-happy-friends-run-and-jump.jpg
2020/01/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Urtea hasi zenetik 21 egun igaro dira; hasi al duzu zure buruari zin egindako ezer?
Zergatik ez dituzun urte berriko asmoak beteko

Ahoa mahatsez beterik zenuela gimnasioan izena eman, hizkuntza bat ikasten hasi ala aurrezteko taula bat betetzen hasiko zinela zin egin zenion zeure buruari? Ziur aski, oraindik ez duzu asmo on horietako bakar bat ere martxan jarri. Ez gatoz zu gaizki sentiaraztera, lasai; estatistikek diotenez, urte berriko asmo on horien %80 ez dute otsaileraino irauten. Baina, zergatik egiten dugu huts gure asmo on horiek betetzen?

Gakoa motibazioan datza. Normalean, gure buruari asmo on guzti horiek proposatzen dizkiogu urtearen hasierarekin; une horretan zoriontsu eta itxaropentsu sentitzen gara, eta gauza berriak probatzeko desioa dugu. Motibazioaren bultzadatxoa nabari dezakegu, baina motibazio horrek ez du balio ez baditugu epe laburreko helburuak zehazten. 

Azken finean, denbora guztian zoriontsu edota energiaz beterik egotea ezinezkoa den moduan, ez dugu motibazioa epe mugarik gabe mantentzeko gaitasunik. Kirolari profesionalek ere, zailtasunak izaten dituzte motibazioa denbora tarte luze batez mantentzeko. Horregatik, ezinbestekoa dugu epe laburreko helburuak finkatzea.

OHITURA, GURE ETSAIA

Zure urte berriko asmoetako bat kirol gehiago egitea bazen eta oraindik hasi ere egin ez bazara, errua ohiturei bota. Gure gorputza eta garuna errutinara ohitzeko prestatua dago, eta beraz, lan handia egin behar dugu errotutako ohitura horietatik ateratzeko. Horregatik, garrantzitsua da aurretik ekin nahi dugun ekintza horrentzat denbora tarte zehatz bat programatzea eta unea iristean arreta ez galtzea bestelako gauzekin.

Bestalde, hobe da epe laburreko helburu errazak aukeratzea, kolpean esfortzu handia eskatuko diguten helburu ezinezkoak ezartzea baino. Kirolaren adibidearekin jarraituz, gure helburua korrika egiten hastea bada lehenik 10 minutuko karrera leunak egiten hasi beharko dugu, pixkanaka hobetzen joateko; hilabete pare batez korrika egiten jarraitzea lortu badugu, kilometro gutxiko lasterketa batean izena eman dezakegu, motibazioa mantentzeko. Eta noski, gorputzari atsedena ematea ezinbestekoa da ohitura berria denboran mantendu ahal izateko.