Zergatik ez diogu beldur handiagoa klima-aldaketaren krisiari?

Zergatik ez diogu beldur handiagoa klima-aldaketaren krisiari? Labankaden edo jazoera terroristen albisteek ez bezala, klima-larrialdiaren inguruko informazioak hotz utzi ohi gaitu. Zergatik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zergatik-ez-diogu-beldur-handiagoa-klima-aldaketaren-krisiari/@@download/image/REPOR_12.jpg
2022/12/27
erreportajea

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Labankaden edo jazoera terroristen albisteek ez bezala, klima-larrialdiaren inguruko informazioak hotz utzi ohi gaitu. Zergatik?
Zergatik ez diogu beldur handiagoa klima-aldaketaren krisiari?

Gertatzen ari dena ukatzen ez bada ere, biztanleria orokorrak zailtasunak ditu krisi honen aurrean emozio sakonak sentitzeko. Pertsona askorentzat ‘ingurumena’ irakurri duten azken titularreko esaldi baten zatia baino ez da. Ez, gainera, klik egin eta bertan sartzeko bezain deigarria.
2019an Erresuma Batuan burututako ikerketa batek erakutsi zuen britainiarren %27 soilik ipintzen zuela klima-aldaketa herrialdeko lehen hiru arazoen artean, Brexita (%67) eta osasunarekin (%32) batera.
Pew Research Center-ek munduko hogeita sei herrialdetan burututako galdetegi baten arabera, berriz, krisi klimatikoaren aurretik, nabarmen, terrorismoaren mehatxua premiazkoagoa kontsideratzen zuen jendeak. Estatu Batuetan eta Japonian, berriz, zibererasoak ziren kezka iturri nagusia.
Bitartean, 2020a historiako urterik beroena izan zen eta 2021a ere ez da gutxiagorako izan. Baso suteak, uholde ikaragarriak… horien ondorioz milaka eta milaka pertsona eta animalia hil ziren eta milioika kaltetuak izan dira.
Gobernuarteko klima-aldaketaren aditu taldearen txostenaren arabera, Pariseko akordioaren helburuak betetzen ez baditugu, eta mundu mailako tenperaturaren igoera 1,5 gradutan mantendu, hamar milioi pertsonak etxea galduko dute itsas-mailaren gorakadaren erruz. Zer gertatzen zaigu, giza espeziaren desagertzeak berak ere, behar adina ez larriarazteko?
Psikologoen arabera, mehatxu bati aurre egin beharrean aurkitzen garenean, garunak defentsak eraikitzen ditu antsietatearen aurka. Modu automatikoan gertatzen da eta kontzientziatik at. Momentu horietan, defentsa moduak aktibatzen ditugu borroka, ihesa edo izozte jokabideak garatzeko. Izurik agertzen ez duten pertsonak, beraz, euren defentsa guztiak aplikatzen ari dira antsietateak eragin ez diezaien. Klima-aldaketari buruzko emozio zailak erreprimitzeaz gain, pertsona asko ez dira jabetzen jokoan dagoenaz eta horrek gizakiongan, animaliengan eta planetan izango duen eraginaz. 

Izan ere, gizakia etorkizunean gertatu litekeenarekin hunkitu badaiteke ere, aurrean ditugun jazoerekin erreakzionatzeko programatuak gaude batez ere. Gure garunak agerikoak diren mehatxuak bilatzeko egokituak daude. Hain da horrela, ezen aditu batzuk dioten, ikuspuntu psikologikotik behatuta, nahiko animalia oinarrizkoak izaten jarraitzen dugula.
Gizakia “borroka narratiba” batekin konprometitu daiteke. COVID-19aren aurka horrela egin dugu, bagenekielako irtenbidea izango zuela epe ertain-laburrean. Aldiz, jasangarritasunaren aldeko erabakiek ez dute begi-bistakoak diren istanteko ondoriorik, ez dute berehalako saririk. Nahiz eta hegazkinak hartzeari edota gidatzeari utzi, ala plastikoaren erabilera murriztu, honen eragina ez da berehalakoan sumatuko eta klima-larrialdiaren mehatxuak bere horretan jarraituko du. Honelakoetan gure garunak mezu hau bidaltzen digu: gure ekintzek ez dute inolako aldaketarik sortzen.
Klima-aldaketaren afera aurkezteko moduak ere badu eragina. Krisi honen inguruko kontakizunak ez dira “erraietatik” narratzen, terrorismo edota koronabirusaren inguruko albisteak legez. Horregatik, ez gara arazoaren larritasunaz guztiz jabetzen. Hau da, ez gara kontziente elikadura-sistema kolapsatu egingo dela, ezagutzen dugun zibilizazioa desagertu litekeela, milioika pertsona hil egingo direla, zu hil zaitezkeela edota zure ingurukoak. Jokoan dagoena guztion bizitza da.
Ondorioak erabat lazgarriak izan badaitezke ere, planeta bi gradu berotu edo hartz polarren desagertzearen inguruko berriak urrun sentitu ohi ditugu eta, ondorioz, arazoari irtenbidea bilatzeko ez da erantzun eraginkorrik pizten.
Terrorismoa edo pandemiak gutxitan gertatzen diren gertaerak badira ere, hiltzeko arrisku bat-batekoa eragiten dute eta, hortaz, erantzun emozionalagoak sortzen dituzte gugan. Klima-aldaketak ekarriko dituen eraginak gehiengoarentzat oraindik abstraktuegiak dira benetako konpromiso bat hartu ahal izateko.
Honek, psikologian, ‘ezjakintasun pluralista’ izenez ezagutzen den fenomenoa eragiten du. Izan ere, gizakiok arriskua sozialki ebaluatzen dugu, ez arrazionalki. Zergatik genekien koronabirusa larria zela? Tira, komunikabideek esan zigutelako, baina, batez ere, gure inguruko guztiak modu ezberdinean jokatzen hasi zirelako. Zure lagun eta senitartekoek zerbait serio hartzen badute, ziurrenik zuk ere serioski hartuko duzu, eta alderantziz. Bestalde, kultura eta hezkuntza ere faktore garrantzitsuak dira afera ekologistekin pertsonak konprometitzerako garaian.

"2019an Erresuma Batuan burututako ikerketa batek erakutsi zuen britainiarren %27 soilik ipintzen zuela klima-aldaketa herrialdeko lehen hiru arazoen artean, Brexita (%67) eta osasunarekin (%32) batera”

Datorkigun mehatxua errealitate bat dela onartzea nahitaezkoa bada ere ekintzara pasatzeko, antsietate klimatikoa gehiegizkoa izan litekeela diote aditu batzuek, eta ezinegon horrek ez digula modu egokian ekintzak burutzen uzten.
Hori dela eta, ezinbestekoa da norbere osasun mentalaren eta ekintzaren arteko oreka konprometitua izatea. Alabaina, beldur-maila egokiak edukitzea konplexua da. Apatia gainditzea nahitaezko baldintza da, nahiz eta etengabe beldurraren adrenalina sentitzeak ere ez digun askorik balioko.
Aldiz, klima-aldaketa ate-joka dugu. Honen kalteak sekula baino nabariagoak dira planeta geroz eta beroagoan. Nazio Batuen azken txosten baten arabera, klima-aldaketaren eragina “aurreikusitakoa baino zabalagoa eta larriagoa da”. Izan ere, giza zaurgarritasuna eta ekosistemena elkarren mendekoak dira.
Haragi kontsumoa murriztu
Hau guztia irakurri ondoren, egoeraz kontzienteago izan eta irtenbidearen zati izan nahi baduzu, egin beharrekoa oso sinplea da: haragi kontsumoa murriztu. Elikaduraren industriak munduko kutsadura mailan eta klima-aldaketan sekulako eragina du, azken urteetan argitaratu diren hainbat ikerketak ederki azaltzen duten moduan. Zorionez, dieta jasangarriago bat existitzen da: landareetan oinarritutakoa.
Haatik, klima aldaketari aurre egiteko aipatutako Pariseko akordioarekin batera, paraleloan, Plant-
based tratatua (landareetan oinarritutako tratatua) sortu da. Egitasmo honen helburuak argiak dira: elikadura sistema, krisi klimatikoari aurre egiteko, abangoardian jarri nahi du. Horretarako, landareetan eta elikagai integraletan oinarritutako dietak bultzatzen ditu, haragiarekiko dependentzia gutxitzeko xedez.
Izan ere, ganadutegia berotegi-efektuaren gasen igorpen guztien %57ren arduraduna da. Bai, bai, autoek baino gehiago kutsatzen duen industria da! Plant-based akordioak gizabanakoei, erakundeei, zientzialariei, eta munduko hiriei euren gobernuak presionatzeko eskatzen die landareetan oinarritutako dietaren inguruko tabuak eraitsi eta dakartzan onurak zabaltzeko. Azken finean, planetaren eta animalien osasuna, gure osasuna ere bada eta.
Esatea egitea baino errazagoa denez, munduak kontzientzia hartzea motel joango den prozesua da, baina maila pertsonalean aldaketak egiten hasi gaitezke guztiok, haragiaren kontsumoa murrizten hasiz eta planetaren osasunarekin batera gure osasuna lehenetsiz. Beharbada, onura pertsonalak bizitu ondoren ohartuko zara krisi klimatikoaren aurka neurriak hartzea zeinen garrantzitsua den. Oraindik ez didazu sinesten? Bada hementxe honetaz ohartzeko zenbait ikus-entzunezko gomendio, informazioa boterea baita.

‘Cowspiracy: The Sustainability Secret’ (Kip Andersen, Keegan Kuhn, 2014)
Abeltzaintzak ingurumenean duen eragin hondatzaileari buruzko dokumentala da. Bertan argi erakusten da abeltzaintza dela deforestazioaren, desertifikazioaren, idorteen eta espezie askoren desagertzearen arrazoi nagusia. Begi-bistako arrazoi etiko eta osasunezkoez gain, dokumental honek animalia jatorriko kontsumoa ekiditeko beste hamaika arrazoi ere plazaratzen ditu. Beste horrenbeste egiten du Seaspiracy (Kip Andersen, 2021) dokumentalak. Benetan gomendagarria hau ere.



‘What the health’ (Kip Andersen, Keegan Kuhn, 2017)
Pertsonen osasunaren inguruko dokumentala da. Animalia jatorriko produktuak kontsumitzeak gizakiongan eragiten dituen osasun arazoak islatzea du helburu. Dokumentalean hainbat sendagile eta ikerlari azaltzen dira animalia jatorriko elikagaiek dituzten arriskuak mahaigaineratzen. Elikadura industria erraldoiaren atzean dauden ezkutuko interesak agerian jartzen ditu.

‘Forks over Knives’ (Lee Fulkerson, 2011)
Gure osasunari buruzko dokumentala. Burutu diren ikerketa zientifiko ezberdinak ezagutaraziz gaixotasun degenetariboen eta haragi jatorriko dieten arteko korrelazioa erakusten du. Hainbat mediku ere elkarrizketatzen ditu, ohiko gaixotasunen inguruan galdeginez, horien artean obesitatea eta diabetesa. Landareetan oinarritutako dietak hainbat gaixotasun arindu ditzakeela, eta batzuk baita ezabatu ere, argudiatzen du ikus-entzunezkoak.

‘Supersize me’ (Morgan Spurlock, 2004)
Dokumental honetan Morgan Murdock zinema zuzendaria esperimentu bateko protagonista da. 30 egunez, Mc Donalds-etan saltzen dena soilik janda biziko da: gosaltzeko Mc Donalds, bazkaltzeko Mc Donalds, eta afaltzeko Mc Donalds. Fast food kate ezagunak eskaintzen dituen produktu guztiak probatu beharko ditu esperimentua amaitu aurretik. Spurlock hiru medikuk gainbegiratuko dute, eta eurak dira protagonistaren osasun fisiko eta mentalaren gainbehera dokumentatzen dutenak. Dokumentalak ederki islatzen du janari azkarreko kateek jendea manipulatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak.  

‘Earthlings’ (Shaun Monson, 2005)
Dokumental hau itzal handikoa da. Hiltegien barruan gertatzen denaren kontzientzia hartzeko gomendatuena izan ohi da. Joaquin Phoenixen ahotsaren bidez kontatua, pelikulak kamera ezkutuak erabiltzen ditu animalia errugabeen ustiapena eta hilketa erakusteko. Irudiak oso esplizituak dira eta batzuentzat gordinegiak izan litezke. Mingarria izanagatik, ordea, beharrezkoa ere bada begiak ireki eta errealitateaz jabetzeko.



‘Okja’ (Bong Joon-ho, 2017)
Pelikula honek haragi-industriaren apaindurarik gabeko satira aurkezten du. Elementu fantastikoak dituen fabula moduan aurkezten da. Mirando deitutako erakundeak reality show bat antolatzen du “super txerririk” onena aukeratzeko. Txerri berezi hauek genetikoki aldatuak izan dira handiagoak eta jangarriagoak izan daitezen. Ugaztun hauetako hogeita sei mundu osoko haztegietan banatu dira eta hamar urte geroago onena aukeratuko dute New York-en berau aurkezteko. Haztegi horietako baten jabearen alaba da protagonista, Mija. Okja, super txerria, bere lagunik onena da eta programarako txerri onena dela erabakitzen dutenean eraman egingo dute. Bere laguna berreskuratzeko, Mijak bidaia luze eta arriskutsua egingo du.